Denentzako pentsio duinak aldarrikatzeko manifestatu dira Bermeon
Busturialde osoko 200 bat lagun bildu dira protestan aritzeko.
Busturialdeko pentsionistak Bermeon batu dira gaur pentsio duinen aldeko borrokagaz jarraitzeko.
“Pentsio duinak denentzako” eta “pentsionistak aurrera” oihukatuz, Goiko Plazan hasi dute manifestazioa eguerdian, udalerri guztiko kaleak beraien aldarrikapenekin betetzeko. 200 bat lagunek hartu dute Bermeo.
Manifestazioa Lameran amaitu dute, eta bertan beraien eskariak aldarrikatu dituzte. Azaldu dutenez, 1919ko martxoaren 11n Derrigorrezko Erretiroa, zahartzaroko derrigorrezko asegurua, aldarrikatu zen dekretuz. Egun hori ospatzeko asmoagaz batu dira gaur, “garai hartako lorpen eta aurrerapen handi bezala gogoratzeko”.
Atzerapenak. Pentsionisten berbetan, ordudanik 100 urte pasa dira, eta “eskubide asko eta eta hainbat alderditan aurrera” egin den arren, “azken 25 urteetan eskubideak ez direla finkatzen” edota langileek “laneko baldintzetan atzerakadak” jasaten ari direla salatu dute. “Pentsioetan atzerapenak izan ditugu, horiek lortzeko baldintza gogorragoak ezarri baitizkigute”.
Jasandako atzerapen horiek izendatu dituzte: “gure pentsio kopurua %0,25 igotzea inposatu ziguten, eta horren harira herri guztietan astelehenetan kontzentrazioak egiten hasi ginen”. Manifestazioekin aurrera egin dutela nabarmendu dute. “Azken urtean hainbat gauza lortu ditugu. Iaz pentsioak %1,7 igo zituzten, eta aurton %1,6ko igoera dago aurreikusita”.
Aurrerapen positiboak lortu dituzten arren, horiekin “ez direla konformatzen” aldarrikatu dute, eta “hori baino gehiago” eskatzen dutela. “Urtero Kontsumo Prezioen Indizea pentsioei igotea eskatzen dugu, baita guztiok 1.080 euroko gutxieneko pentsio bat edukitzea ere”. Emakumeek bizi duten egoera hobetzeko eskaria ere egin dute, “pentsio baxuenak eta kaxkarrenak emakumeek baitituzte”.
Hauteskunde garaia. Datozen hilabeteak garrantzitsuak izango direla azpimarratu dute pentsionistek: “hauteskunde orokorrak ditugu apirilean eta udal, foru eta europarrak maiatzean. Alderdi politikoek pentsioen aurrean beraien jarrera zein den argi adierazi beharko dute. Pentsio pribatuak bultzatu edo benetan pentsio sistema publiko indartsu baten alde egongo diren”.
Hori dela eta, borrokan jarraituko dutela adierazi dute. Izan ere, gaur Bermeon egindakoa ez izango eskualde mailan egingo dute manifestazio bakarra. Gernika-Lumon ere berbera egiteko asmoa iragarri dute. “Busturialdeko 20 herrietako pentsionista guztiei deituko diegu”. Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia eginez amaitu dute, pentsionisten “erreibindikazioak zeintzuk diren argi esateko”.