Pentsiodunek aliantzak bilatuko dituzte etorkizun duina bermatzeko
Urtebete da mobilizatzen hasi zirela, eta lortutakoa gutxi bada ere, baldintzak hobetzea lortu dute 12 hilabetetan. Aurrerantzean, baina, borrokan jarraituko dute, aldarrikatzen dutena lortu asmoz.
Urtebete da pentsiodunak Espainiako Gobernuak egindako erreformen aurka mobilzatzen hasi zirela, eta urtebetegarrenean, borrokan jarraitzeko asmoa agertu dute. Horretarako, baina, gizarteko sektore desberdinekin aliantzak egin nahi dituzte pentsiodunek; batez ere, gazteekin eta langileekin. Gauzak horrela, aurrera begira desafio garrantzitsua dutela esan dute.
Azken urtean lortutakoa gutxietxi gabe, baina lortu dutena ez da nahikoa, pentsiodunen ustez. 2018rako pentsioak, orokorrean, %1,7 igotzea lortu dute, eta %1,6ko igoera 2019. urterako. Gutxieneko pentsioen igoera ere lortu dute, %3an bi urterako. Pentsio-sistemaren jasangarritasun faktorea 2023. urtera atzeratzea ere lortu dute.
Alargunen egoera ere presente izan dute urte honetan, bizi duten egoera salatu eta hobetu asmoz. Alarguntza-pentsioen kasuan oinarri arautzailea 2018an %52tik %56ra igotzea lortu dute, eta igoera hori %60ra artekoa izatea 2019. urtean. Hala ere, igoera hori ez-nahikoa dela diote, eta alargunen kasuan jartzen dituzten baldintzak kontuan hartuta, hobekuntza horrek alarguene %16ari bakarrik eragiten dio.
Aldarrikapen nagusietatik urrun. Lortutakoa lortuta, oraindik orain, aldarrikapen garrantzitsuenetatik urrun daudela uste dute pentsiodunek, eta dagoekina eskatzen jarraituko dutela aurreratu dute. Horretarako, manifestazioa egingo dute martxoaren 11n, 12:00etan, Bermeoko Goiko plazatik hasita. Mobilizazio horrekin bat egiteko deia egin diete Busturialdeko herri guztietako pentsiodunei. Ostean, beraien eskaeren eta aldarrikapenen berri emango dutela adierazi dute.
Besteak beste, pentsioetan urtero IKParen igoera bermatuko delaren segurtasuna gura dute, eta gutxiengo pentsioak 1.080 eurora igotzea. Emakumezkoen kasuan hori garrantzitsua dela diote, pentsioen genero-arrakala murrizteko. Pentsio-sistemaren jasangarritasun faktorea behin betiko ezabatzea ere eskatzen dute pentsiodunek, eta 2011ko zein 2013ko pentsio erreformak indargabetzea. Pribatizazioari aurre egin eta pentsio sistema publikoa sustatu behar dela uste dute pentsiodunek.