"Lan baldintzak eta langileak errespetatzeko" greba egin dute Diako langileek
Foruko eta Bermeoko supermerkatuetako langileek hiru greba egun egin dituzte.
Dia supermerkatuetako langileek “lan baldintza eta langileak errespetatzeko” exijitzeko grebak egin dituzte egunotan. Zehazki, gaur, otsailaren 27an eta 28an bildu dira langileak greba egiteko.
Modu horretara, Bermeoko eta Foruko supermerkatuen aurrean batu dira hainbat langile protesta egiteko eta erostera hurbildutako herritarrei beraien egoera azaltzeko. Langileen berbetan, “greba baketsua” da, eta ez dute “herritarrik oztopatu” haiek erosketak egiteko asmoa azalduz gero. “Informazio pikete bezala aritu gara”.
Sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez, Dia supermerkatuen taldeak estatu mailan gehienez “2.100 laguni eragin” ahal izango dien Enplegu Erregulazio Espedientearen prozedurari ekin zion joan den otsailaren 8an.
ELA eta LAB sindikatuek egoeraren irakurketa egin dute. Adierazi dutenez, langileek “ez dute inolako ardurarik taldearen akzio eta finantzen duten egoerarekiko”. Horren harira, supermerkatuen taldeak gaur egun dituen arazoen jatorria “zuzendaritza talde ezberdinen ez egitekoak” izan direla diote, eta hortaz espedientearen aurka azaldu dira..
Supermerkatuen etorkizuna bermatzeko “kudeaketa eta zerbitzu hobea” behar dela uste dute, eta horretarako “langile gehiago eta lan baldintza hobeak” derrigorrezkoak direla aldarrikatu dute. Izan ere, hori lortzeko azken hilabeteetan hainbat mobilizazio eta greba egin dituzte, “prekarietatea amaitzea eta langileen plantilla handitzea eskatuz”.
Greba mugagabea. Egindako hiru greba egunekin emaitzarik lortzen ez baldin badute, martxoaren 11tik aurrera mugagabeko greba egingo dutela adierazi dute sindikatuek.
Gainera, Diako dendek Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan bizi duten errealitatea aztertzeko “beste ikuspuntu bat” behar dela uste dute, “errealitate sindikala” beste bat delako. Taldea krisira eraman duten arrazoiak “berton analizatu eta negoziatu” daitezen eskatu dute.
Izan ere, ELAk eta LABek sindikatuen negoziazio mahaian parte hartzeko eskaera egin zuten estatu mailan, eta eskubide hori “ukatu” egin zaiela salatu dute. Estatu mailan sortutako negoziazio mahai hori “legez kanpokoa” dela aldarrikatu dute, eta “neurri juridikoak” hartu dituztela diote. “Hemen langileen ordezkaritzan nagusi izan arren, inork ez du guregana jo”.
Hori dela eta, langileek eta sindikatuek negoziazio mahaia “bertara ekarri” nahi dute, ELAren eta LABen ordezkaritza maila “kontuan hartu behar delako”.