Odola emateko autobusa Gernikan egongo da hurrengo egunetan
Odol emaileek odola emateko aukera izango dute gaur arratsaldean, 16:30etik 21:00etara, Foru plazan. Autobusa bertan egongo da, eta zapatuan bueltatuko da berriro, martxoaren 9an. Egun horretan goizez bakarrik egongo da, 09:15etik 14.00etara.
Gaur edo zapatuan odola eman ezin dutenek martxoaren 11n izango dute berriro horretarako aukera. Leku berean, Foru plazan, egongo da autobusa, 09:15etik 14:00etara eta 16:30etik 21:00etara.
Bermeon, martxo bukaeran. Bermeotarrek hil amaieran izango dute odola emateko aukera, 29an eta 30ean. Lameran egongo da odola emateko autobusa. Martxoaren 29an arratsaldez eman ahalko da odola, 17:00etatik 20:30era. Martxoaren 30ean, berriz, goizez izango dute herritarrek aukera: 09:30etik 14:00etara.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2018an 52.000 pertsona inguruk eman zuten odola, Osakidetzak emandako datuen arabera. Borondatezko odol-emate horiei esker, urtero 30.000 paziente artatzen dituztela gogorarazi dute. Martxoaren 1ean odol-emaileen elkarteekin egindako topaketan, Iñigo Urkullu lehendakariak eskerrak eman zizkien odol-emaileri eta elkarteei euren eskuzabaltasun eta konpromisoagatik. Aldi berean, prozesuan inplikatuta dauden profesionalek egiten duten lana aitortu eta boluntarioen prestutasuna ere goraipatu zuen.
Odol-ematearen sustapena osasun jardueraren oinarri estrategikoa dela esan zuen lehendakariak, horren emaitzen arabera lortuko direlako ospitaleetako helburu medikoak eta kirurjikoak. Horregatik, herritarrei dei egin die odol-emaile egitera.