Karmele Naberan gernikarrak irabazi du Euskadiko Txakurkros Liga
Ligako zortzi probetan parte hartu du Gernika Atletismo Taldeko kideak.
50 urtetik gorako beteranoen kategorian, Euskadiko Txakurkros Ligako txapelduna da Karmele Naberan atleta gernikarra.
Gernika Atletismo Taldeko kideak bere txakur Suagaz parte hartu zuen Muskizko lasterketan, atzo. Aurretik beste zazpi proba lehiatu ditu euskal ligan neguko hilabeteotan.
Naberan modalitate gogor honetan parte hartu duen atleta beterana bakarra izan dela azaldu dute Gernika ATko ordezkariek. “Txakurkrosa gorantz doan kirola da. Atletak txakurrari lotuta egiten du korrika, inoiz ez txakurraren aurretik, eta arnesa, gerrikoa eta soka luze batek lotzen dituzte korrikolaria eta animalia”, gaineratu dute.
Naberanentzat hau izan da lehen urtea txakurkrosaren euskal ligan. Duela hilabete batzuk Bizkaiko Txakurkros Kopa Trail txapelketan parte hartu zuen eta beteranoetan bigarren sailkatu zen.