Julen Ozaeta eta Maria Zorroza nagusi, Urdaibai Koparen lehen lasterketan
Ibarruriko Mendi Martxan, 150 korrikalarik lehiatu dute Urdaibai Koparen lehen proba. Martxetako eta mendi lasterketako parte hartzaileak batuta, 500 pertsonatik gora batu dira.
Ibarruriko Mendi Martxa egin zuten atzo. Urdaibai Koparen lehen hitzordua izan da, eta 150 korrikalariren artean, Julen Ozaeta Petralanda izan zen azkarrena. Ordu bete, 40 minutu eta 52 segundotan burutu zuen 20 kilometroko mendi lasterketa. Emakumezkoetan, berriz, Maria Zorroza Iriondo helmugaratu zen lehen postuan, ordubete, 56 minutu eta bederatzi segundoko denboragaz.
Diego Pascual Alcaldek eta Iker Aranak osatu zuten gizonezkoen podiuma, eta emakumezkoetan, Onditz Iturbe Arginzoniz eta Garazi Sampedro Arando sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Ozaetarengandik bi minutu eta 31 segundora amaitu zuen Pascualek, eta ia hiru minutura sartu zen Arana (2:59). Zorroza helmugaratu eta bederatzi minutu eta bederatzi segundora ailegatu zen Iturbe. Sampedrok, berriz, bi ordu, 11 minutu eta hamalau segundotan egin zuen mendi lasterketa.
Mendi lasterketan eta martxetan parte hartu zutenak kontuan hartuta, 530 parte hartzaile inguru elkartu ziren Ibarruriko Mendi Martxan. Saltsamendi Kultur Elkarteko kideek balorazioa oso posibitoa egin dute: “Eguraldiak ere asko lagundu digu aurten. Martxan parte hartu zutenak, esatera baterako, patxadatsuago zeuden, eta eguraldi onak gehiago gozatzeko aukera ematen du. Amaieran ere, oso giro polita eduki genuen”.
Mendi martxetan izena eman zuten gehienek martxa luzea egin bazuten ere, urtetik urtera martxa laburrean parte hartzen dutenen kopurua goraka doala azpimarratu dute. “Kilometro gutxiago direnez, familiek goiz pasa egiteko aprobetxatzen dute. Bospasei urtetik gorako umeekin familia asko ikusi genituen”.
Urdaibai Kopa. 2019ko Urdaibai Kopak lau proba ditu, eta hurrengoa maitzaren 12an egingo dute Gernika-Lumon. Uda bete-betean, Eak hartuko du hirugarren proba; uztailaren 6an lehiatuko dute Txipiroi Mendi Lasterketa. Laugarren eta azken proba, berriz, Gautegiz-Arteagako Mendi Lasterketa izango da, irailaren 8an.