Jon Agirre zumaiarra izan da azkarrena, XVI. Ereñoko Udala Sari Nagusian
Lehendakari Torneoaren lehen lasterketa izan da Ereñokoa. Agirregaz batera, Lizarte taldeko Martin Bouzas eta Caja Ruraleko Carmelo Urbanok osatu dute podiuma.
XVI. Ereñoko Udala Sari Nagusia lehiatu zuten atzo, eta Baque taldeko Jon Agirre zumaiarrak irabazi zuen 105,4 kilometroko lasterketa.
23 urtez azpikoen Lehendakari Torneoaren lehen lasterketa izan zen, eta Agirrek bi ordu, 43 minutu eta 11 segundotan amaitu zuen. Harengandik sei segundora helmugaratu zen Lizarte taldeko Martin Bouzas, eta Caja Ruraleko Carmelo Urbano izan zen hirugarrena; Urbano Agirrerengandik 33 segundora sailkatu zen. 169 txirrindularik parte hartu zuten, eta azken kilometroetan Agirrek eta Bouzasek ihesaldia burutu zuten.
Hain zuzen, alde estua egon zen zazpi txirrindulariren artean. Urbanorengandik segundo bakarrera sailkatu ziren Caja Ruraleko Oier Lazkano eta Lizarteko Francisco Galvan, Iñigo Elosegi eta Jordi Lopez. Horiengandik bi segundora sartu zen helmugan Ivan Cobo (Gomur-Cantabria Infinita) eta hiru segundora Asier Etxeberria ( Goierriko TB-Laboral Kutxa).
Lizarte taldeko Iñigo Elosegik eskuratu zuen mendiko mailota, eta tarteko helmugakoa Caja Ruraleko Oier Lazkanorentzat izan zen. Taldekako saria, berriz, Lizartek eroan zuen.
Aste honetan, Ereñoko Masterra. Bestalde, VII. Ereñoko Master Saria lehiatuko dute zapatuan (martxoak 9). 15:00etan hasiko dute lasterketa, eta master 30, 40, 50 eta 60 eta elite mailako txirrindulariek 86,5 kilometroko ibilbidea egingo dute.
Horretan parte hartu gura dutenek www.kirolprobrak.com webgunean izena eman behar dute, martxoaren 8a arte (barikua).
Hain zuzen ere, Lehendakari Torneoaren hurrengo lasterketa ere zapatu honetan izango da, Urretxun (Gipuzkoa). Hala, hilabete amaieran Laukizen (martxoak 23) eta Bergaran (martxoak 31) ere izango dute hitzordua 23 urtez azpiko txirrindulariek.