Gernika RTk garaipenagaz hasi du ligaren bigarren fasea
Emakumezkoen Euskal Ligan bigarren fasea hasi berri dute, eta lehen jardunaldian, Gernika Rugby Taldeak 36-21 irabazi dio Bera Berari.
Galtzen hasi arren, markagailua irauli zuen etxeko taldeak. Ligaren bigarren fasea gogotsu hasi dute basurdeek. Irabazteko gogoz zeuden, eta lehen jardunaldia irabazita pozik daude.
Zapatu arratsaldean hartu zuen Urbietak Gernika RT eta Bera Beraren arteko neurketa. Talde gernikarrak 36-21 mendean hartu zuen talde donostiarra. “Ligaren lehen fasean euren kontra jokatu genuen Donostian, eta justu-justu irabazi genien, eta oraingo hau jokatzeko gogoz geunden”, azaldu du Maite Bilbaok.
10-14ko markagailuagaz amaitu zuten lehen zatia, baina, bigarren parteak bestelako itxura eduki zuen. “Lehen zatia apur bat eskasa izan zen, baina, bigarrena oso polita. Oso gustura jokatu genuen, eta berriro ere jokatzeko grina sartu zaigu”.
Lehen zatian, Aregok eta Kixkurrek entsegu bana egin zuten, eta bigarren zatian, Kixkurrek beste bat lortu zuen. Halaber, bigarren zatian Eider Olarretak bi entsegu egin zituen eta biak transformatu zituen Batirtzek. Itsaso Nizak ere entsegu bat egin zuen bigarren zatian.
Bigarren fase honetan, sei talde daude gernikarren multzoan, eta printzipioz, partidu guztiak etxean eta zapatu arratsaldeetan (17:00) jokatuko dituztela zehaztu du Bilbaok. “Mutilen beste partiduren bat edo ez badago, zapatu arratsaldean izango dira partidu denak”. Hala, hurrengoa martxoaren 23an lehiatuko dute La Unica Bren kontra.
Bigarren fase honetan irabazteko “aukera gehiago” dituztela uste dute. Gainera, min hartutakoak apurka-apurka errekuperatzen hasi dira, eta zapatuan, esate baterako, hamahiru jokalari aritu ziren Urbietan. “Ikusita zapatuko partidua ondo eta gogoekin jokatu genuela, orain, gogo gehiago ditugu. Irabazteko aukerak ditugula ikusten dugu. Talde indartsuenak kendu ditugu bigarren fase honetan”.
Euren multzoan sei talde badira ere, Eibarrek eta Ordiziak osatutakoa da taldeetako bat, eta horiek partiduak jokatu arren, ez dute liga lehiatuko: “Jokalari gutxi zirelako bien artean taldea osatzea erabaki dute. Baina, arauak betetzen ez dituztenez, federazioak jokatzen utzi die, baina, lehiatik kanpo daude. Beraz, euren kontrakoak lagunarteko partiduak bezala hartuko dira”.