560 kilokoan, brontzezko domina Muruetarentzat
Murueta Sokatira Taldeak 560 kiloko jardunaldi bakarra lehiatuta amaitu du 2019ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa.
2019ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa azken txanpara ailegatu da. Gizonezkoen taldeek zapatuan Laukizen lehiatu zuten 560 kiloko jardunaldi bakarra, eta emakumezkoek, berriz, 500 kiloko finala jokatu zuten. Bietan, etxeko taldeak, Gaztedik jantzi zuen urrezko domina.
Muruetako taldeak podiumean sartuta agurtu du goma gaineko txapelketa. Gaztediren eta Beti Gazteren atzetik, hirugarren postuan sailkatu zen zapatuan. Berriozar izan zen laugarrena, eta Txantrea bosgarrena.
Jon Loizaga Muruetako sokatiralariaren berbetan, ez zen ezustekorik egon Laukizen, eta bi faboritoek eurenari eutsi zieten; euren artean lehiatu zuten txapela. “Zapatuan espero zena gertatu zen; Beti Gazte eta Gaztedi puntu bat gorago egon ziren gu baino. Euren kontra hasi ginen, eta egia esan, hasieran erabakita geratu zen dena”. Finaleko beste bi aurkariei, ostera, ondo irabazi zietela aitortu du. Taldea ondo ibili zela, sentsazio onekin zehaztu du.
Bestalde, nesken 500 kiloko finalari dagokionez, Badaiotz eta Beti Gazte taldeek osatu zuten podiuma. Ibarra sailkatu zen laugarren, eta Txantrea eta Antsoain talde nafarrak bosgarren eta seigarren, hurrenez hurren.
Podiumean sartzeko helburua zuten Murueta Sokatira Taldeko kideek, eta euren asmoa bete dute. Aurtengo goma gaineko txapelketan lau podium egin dituzte; 600 kilokoan zilarrezko domina eta 640, 680 eta 560 kilotan brontzea janztea lortu dute.
Denboraldi amaiera. Goma gainekoan erregulartasuna erakutsi du eskualdeko taldeak, eta onenen artean egon dira, pisu guztietan. “Urte osoan hor goian sartu gara. Gustatuko litzaiguke apur bat gorago aritzea; irabaztek borroka horretan sartuta egotea. Baina, denboraldi osoan erregulartasuna edukitzea nahikoa positibo baloratzen dugu. Pisu guztietan egon gara hor, eta aipatu moduan, puntu bat edo zer edo zer falta izan zaigu irabazteko”. Aurtengoa ikusita, hurrengo denboraldira begira zer hobetu beharko duten aztertuko dutela gaineratu du.
Bestalde, denboraldi honetan izandako laguntzaileak eta babesleak gogoan izan dituzte.”Foruko Udalari eskerrak eman nahi dizkiogu, bertan entrenatzen uztearren. Neguan frontoi estali batean entrenatzea asko eskertzen da. Era berean, babesleei ere eskerrak eman nahi dizkiegu euren laguntzagatik. Datorren urtean, ostera ere, gehiago egiteko asmoagaz bueltatuko gara”.
580 kilo. 2019ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa zapatu honetan (martxoak 9) amaituko dute Gabirian (Gipuzkoan). 580 kiloko jardunaldi bakarrean lehiatuko dira zazpi talde misto. Lau emakumezkok eta lau gizonezkok osatutako zazpi talde arituko dira, denak denen kontra. Bizindar arabarrak, Ibarra gipuzkoarrak, Gaztedi A eta Gaztedi B bizkaitarrak eta Antsoain, Berriozar eta Beti Gazte nafarrak ariko dira zein baino zein gehiago.