Mozorrotzeko unea iritsi da Busturialdera
Inauteriekin eskualdeko herriak kolorez betetako mozorroekin bete dira, eta hainbat ekimen prestatu dituzte egunotarako ume zein nagusiek ederto pasatzeko.
Hemen ditugu inauteriak, eta egun berezi hauekin batera eskualdeko herritarrek mozorrotu eta festa giroan murgiltzeko aukera aparta izan dute.
Gernika-Lumon komikiak izan dira aurten hautatu duten gaia. Eguen Zuria igarota, atzo gazte zein nagusiek goizetik iluntzera arte mozorrotuta kalera irten ziren, eta kalejira erraldoian parte hartu zuten iluntzean. Gaur goizean Urdaibai Kantagunekoek udalerriko kaleak alaitu dituzte, Industria kaletik kantuan irten dira-eta, kolorez betetako jantziekin. Egunak lagunduta, giro ederrean aritu dira kantuan eta dantzan.
Arratsaldean mozorro festak jarraitu egingo du. Izan ere, merkatu plazan etxeko txikienei zuzendutako mozorro jaialdia egingo dute, eta iluntzean pasealekutik hasita marroen inauteriak egingo dituzte.
Bermeotarrek ere egun itzela pasatu dute. Lantzeko inauteriak ospatu dituzte, eta udalerriko kaleak mozorrotutako jendeagaz batzeaz batera, Alkartasuna Dantza Taldearen eta Bermeotarrak fanfarrearen doinu eta dantzekin alaitu dituzte. Ume, gazte eta nagusiak, guztiak batera, kalejiran ibili dira aratusteez gozatzeko.
Bihar, bestalde, tostadak izango dira protagonistak. Haitz Nagusije auzo elkarteak antolatuta, tostada txapelketa egingo dute Kabidxen, 12:00etan.
[IKUSI HEMEN BERMEOKO LANTZEKO INAUTERIEN ARGAZKI GALERIA OSOA]