Finalerako atarietan geratu dira
Perfumerias Avenidari ezin izan diote aurre egin Gernika-Lumoko neskek. 74-46ko markagailuarekin amaitu zuten lehia.
Erregina Kopan jokatzearen ametsa bete du Lointek Gernika Bizkaiak bigarren urtez, baina finala lehiatzearen ametsa elikatzen jarraitu beharko du. Barikuan IDK Gipuzkoa mendean hartu ostean, zapatuan Perfumerias Avenida Salamanca izan zuten aurkari Mario Lopezen neskek. Jokoari eusteko gogotsu kantxaratu ziren gernikarrak, baina 74-46ko markagailuarekin amaitu zen lehia, Salamancakoen alde; eurentzat izan da aurtengo Erregina Kopa.
Finalerako sailkatzea zaila izango zela bazekiten, eta Perfumerias Avenidakoak gehiago izan ziren bigarren laurdenetik aurrera. Ondo kantxaratu ziren Mario Lopezenak, eta lehenengo 10 minutuetan, aurrez aurre begiratu zieten Salamancakoei. Egin beharrekoa argi zituztela atera ziren bi taldeak. Salamancakoak barne jokoa bilatzen zuten, eta gernikarrak, berriz, kanpo jaurtiketak. Ondo aritu ziren bi taldeak, eta markagailuak lehenengo 10 minutuetako berdintasuna islatzen zuen; 17-14 Perfumerias Avenidaren alde.
Harmailetan, altxorra. Jokalariak saiatu ziren, baina Lopezek proposatutako aukerek kale egin zuten. Bitartean, lehiaketa guztian zehar beraien taldea animatzera Gernika-Lumotik joaniko zaleak zeuden harmailetan, dena ematen. Ez ziren une batez ere isildu, eta etengabe eman zizkieten animozko mezuak euren jokalariei. Azken momentura arte giroaz gozatzen ibili ziren.
Bikaintasuna final laurdenetan. Barikuan 13 puntuko aldeagaz irabazi zuten derbia Lointekeko neskek. Norgahiagoka berdintsua izan zen IDK Gipuzkoaren aurkakoa, eta banakako jardunak erabaki zuen partidua. Courtney Williams izan zen onena, 28 puntu, 8 asistentzia eta 8 errebote eskuratuta; 38 puntuko balorazioa lortu zuen. Erakustaldia eman zuen Williamsek taldea gidatzen.
Berdinduta hasi zuten lehen laurdena. Williams eta Roundtreek-ek erraz lortu zituzten saskiratzeak. Gipuzkoarrak, baina, gogorrak dira, eta markagailua estutu zuten 10. minutua heldu aurretik; 25-21. Bigarren laurdenean jokoan aldaketa batzuk egin zituen Lopezek, eta defentsa estutu zuten jokalari gernikarrek. Orduan hasi zen Williamsen erakustaldia. Erritmo bizia jarri zuen, bere taldeak gustuko duen moduan, eta zuloa ireki zuten: 38-28. Puntu askoko partidua izan zen, atsedenaldira 46-39 joan baitziren.
IDK Gipuzkoak estutu egin zuen hirugarren laurdenean, baina Naiara Diezen bi hirukok gelditu egin zuten gipuzkoarren susperraldia. Hala, azken txanpari lasai heldu zion talde gernikarrak. Williamsek 8 puntu jarraian lortu zituen, eta 10-0ko partzialagaz partidu bukaera lasaia izan zuten Lopezen jokalariek. Azkenean, 83-70.
Azken minutuetan Marta Alberdik izan zen protagonista. Bere ametsa betetzeko aukera eman zion Lopezek, eta Erregina Kopan debutatu zuen.