Zaintzaren zamaren neurgailu
Martxoaren 8aren harira, feministek zaintzaren gatazka eztabaidaren erdira eroan dute egunotan, eta gizartearen ongizatea emakumeen bizkar dagoela nabarmendu.
“Zaintzarik ez badago, ez dago sistema eusterik; eta zaintzak emakume aurpegia dauka”. Horixe da mugimendu feministaren ondorioa eta, aldi berean, abiapuntua, Martxoaren 8aren inguruko aldarrikapenak mahai gainean jarri diren honetan.
Biztanleria zahartu den heinean, zaintza premiak ere gehitu egin dira, eta egitura publiko hutsagaz ez dira premia guztiak asetzen. Kasu guztietan, hau da, instituzioek bideratzen duten zaintzan edo zaintza aratuan zein estaltzen ez den zaintzan edo zaintza ez arautuan, zaintzailea emakumea izan ohi da. “Zaintza lanetan emakumea daukazu zahar egoitzetan, eguneko zentroetan,… Kasu gehien-gehienetan formakuntza gutxiko emakumeez edo lan bizitzaren azken urteetan formatu diren emakumeez ari gara”, adierazi du Mari Karmen Aransolo Markina-Xemeingo asanblada feministako kideak.
Aransolo etxez etxeko langilea da Lea-Artibaiko Amankomunazgoan, eta azkenengo urteteetako garapenaren lekuko. “Zainketa arautua hogei urtetik honako kontua da. Lehen, esate baterako, zahar egoitzetan lan egiten zuten emakumeak izaten ziren beharrik gabe geratzen ziren emakumeak edo alargunduta edo banatuta zeudenak; etxean umeak hazi eta gero, soldatapeko beharginak izatera pasatzen ziren andrazkoak”, azaldu du.
Zaintza, zentzu zabalenean. Martxoaren 8an, emakumeek zaintzeari utziko baliote sistema gelditu egingo litzatekeela adierazi nahi dute mugimendu feministek. “Askotan geuk ere ez dugu ulertzen zaintza zer den. Emakumeari seme-alaben zaintza, bikotearen zaintza, gurasoen zaintza eta iloben zaintza egokitu zaizkio. Zaintza sekula ez da amaitzen emakumearentzat”, esan du Aransolok.
Leire Diaz Bermeoko Gizarte Ongizateko Udaleko patronatuko gizarte langilea da. “Zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatzen dugu. Pentsatzen dugu pertsonaren zaintza politika publikoaren arazoa izan behar dela, eta bere gain hartu behar dituela zaintzari dagozkion ardurak”, adierazi du.
Zaintza ez arautuan ere, profila emakumearena da, baina etorkinarena
Bermeon emakumeek jokatu duten paperaz jardun du. “Bermeon zaintza emakumeen esku geratu da. Beti baloratu izan da lan hori ez dela produktiboa. Emakumeak etxean egon dira umeak zaintzen; eta gizonak, itsasoan. Baina emakumeen lana ez da baloratu, diruaren truke egiten dena hartzen delako lan produktibotzat, eta zainketa dohainik izan da; edo, behintzat, dohainik atera zaio sistemari. Guk uste dugu zaintza lan hori produktiboa dela, eta ezinbestekoa dela gizartea aurrera joateko eta kapitala produzitzeko”.
Beste alde batetik, emakumeek etxetik kanpo egiten duten lana ere gutxiago baloratu dela ikusi du Diazek. “Bermeon emakumeek batez ere kontserberetan lan egin izan dute, eta euren lana ikusi da osagarri modura. Soldata arrakala hor dago. Emakumeek aurrezteko eta kontsumitzeko aukera txikiagoa eduki dute, eta horrek askotan pobrezia eta bazterkeria eragin ditu”, esan du bermeotarrak.
Kontrataziorako erak. Etxez etxeko laguntza zerbitzua zuzenean kontratatzen duen Bizkaiko udal bakarretakoa da Bermeo. Lea-Artibaiko Amankomunazgoak ere zerbitzu zuzena ematen du, azpikontrataziorik egin barik. “Erakunde publiko baten menpe egoteak suposatzen du gizarte langileak lan baldintzak negoziatzeko orduan aukera handiagoak dauzkala eta borondate politikoa hobea izan ahal dela etekina ateratzera doan enpresa pribatu batena baino”, argitu du Rakel Elu amankomunazgoko lehendakariak. Puntu horretan Mari Karmen Aransolok esan duenez, “zaintza langileak ondo badaude, langileek hobeto bermatuko dute zaintza hori”.
Gizonak eta sistema publikoa inplikatu behar direla aldarrikatu dute
Horrez gain, etxez etxeko zerbitzuan diharduten langileek jokatzen duten papera ere aipatzekoa da Eluren ustez; gizarte langileekin daukaten harremana etengabea delako eta informazioa trukatuta, zaintzan egon daitezkeen hutsuneak antzeman eta egoera bideratzeko neurriak hartzen direlako. Informazio trukaketa horrek egiten du posible, adibidez, etxez etxeko zerbitzua jasotzen duten onuradunak gehitzea. 2018ko datuei erreparatuz, Lea-Artibaiko Amankomunazgoaren baitako herrietan, 265 lagun izan ziren onuradunak. Haietatik 86 urtetik gorakoak %25 dira; eta 96 lagunek bigarren eta hirugarren mailako dependentzia gradua daukate.
Zaintza ez arautua. Zaintza ez arautuari dagozkion datuak ez dira ezagutzen; ez daude zenbatuta, jakin badakiten arren kopurua altua dela. “Ez araututako zaintzako langilearen profilak jarraitzen du emakumearena izaten; kasu horretan, emakume etorkina da, ostera; ezegonkortasunean eta baldintza eskasetan diharduena, paperik barik sarri; guk egin nahi ez ditugun lanak egiten. Martxoaren 8an emakume etorkina ikusarazi nahi dugun arren, errealitatea da jende horrek ezingo izango duela grebarik egin”, esan du Aransolok.
Martxoaren 8ak zaintzaren aurpegiak plazaratzeko balioko du, hain justu, bai Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuetako langileak, bai Gipuzkoako nagusien egoitzetakoak mobilizatzen ari direnean. Bestalde, aldarrikapenek ez dute etenik eduki behar Aransoloren ustez. “Martxoaren 8ko borroka ezin da egun bakarrera mugatu. Arazoek hortxe jarraituko dute, zaintzan zein beste esparruetan”.
Lan ildoa markatu du Diazek. “Alde batetik, zaintza lana behar-beharrezkoa da, baina horretarako gizonak eta sistema publikoa inplikatu behar dira. Bestetik, hurrengo belaunaldien artean lan handia dago egiteko, dena lortuta dagoen sentsazioa dagoelako”.