MARTXOAK 8: Pausoak berdintasunerantz
Herriz herri, aldarrikapenerako zein ospakizunerako hamaika ekitaldi prestatu dituzte. Amantalak eskegi eta besoko moreak janzteko egunari itxaroten ari dira eskualdeotako andrak.
Pentsionistak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumoa. Bost ardatz edo zutabe nagusi eta helburu bakarra jomugan: Berdintasuna. Greba feminista da aurtengo martxoaren 8koa. Desberdintasunetik berdintasunera bidean pauso asko eman behar direlako. Alor askotan aldaketa aldarrikatu. Iraultza.
Iazkoa mugarria eta giltzarria izan zen askorentzat. Inflexio puntua. Historikoa. Orduko hartan lau orduko lanuzteak deitu zituzten Euskal Herriko bilgune feministak zein euskal sindikatu nagusiek. Morez bete ziren kaleak eta aurten ere hori errepikatzeko lanean ibili dira azken hilabeteotan hainbat eta hainbat talde, eragile eta norbanako. Herriz herri gogotik egin dute lan, aurtengoa ere “ikaragarria” izan dadin.
Iaz ereindakotik sortutakoa da, besteren artean, Gernika-Lumoko Sare Feminista.
Bizitza erdigunean jarriko duen gizarte eredua aldarrikatuz, greba feministak bizitzako esparru guztiei aurre egiten die, “indarkeriari, parekidetasun ezari, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoei, lanen sexuaren araberako banaketari, kontsumo ereduari, familia patriarkalari, jakintzen hierarkizazioari, arrazakeriari, edertasun kanonei eta zapalkuntza guztiei”.
Gaur, kalejira morea
Gernika-Lumon gaur egingo dute lehen ekintza. Karnabal barikua aitzakia hartuta, 20:00etan, besoko moreak soinean ipinita, Merkuriora hurbiltzeko deia egin du sareak. Handik kalejiran abiatuko dira.
Hala, martxoaren 7an, herriko ikastetxeen giza kateagaz eta ekitaldiagaz hasiko dituzte M8aren inguruko ekintzak. Hezkuntzan errotu eta landu behar baita berdintasuna. Halaber, begirada kritikoa eta autokritikoa bultzatzeko asmoz, “bestearen eraikuntza” landuko dute arratsaldean Astran, “genero, etno-kultura eta klase estereotipoen bitartez”. Horrez gain, horiek zenbait esparrutan dituzten ondorioak landuko dituzte.
Eguenean gaubela egingo dute Astran, eta barikuan, ekitaldi nagusiak eguerdian eta iluntzean egingo badituzte ere, egun osoan zehar hainbat ekintza egingo dituzte (tartean herri bazkaria) emakumeak kalean elkartzeko asmoz. Hala, eskualdeko irrati librea den Biztu Irratixen uhinetatik eguneko erradiografia osatuko dute, emakumeen ahotsetatik, eta Merkurion egongo da Infogunea.
Zapatuan emakume pilotariak elkartuko dira Gernika-Lumon, eta Busturiako Ekoetxea Urdaibaik, berriz, emakume ekoizleen eta ekintzaileen azoka hartuko du. Bertan, produktuak eskaintzeaz gain, tailerrak ere egingo dituzte.
Busturialdeko herri batzuetan elkarretaratzeetan bildu eta manifestazioetan aterako dira gizon-emakumeak. Era berean, aurreko egunetan edota martxoaren 8ko goizean, udalerrietako bazterrak apainduko dituzte emakumeek. Halaber, euren eguna aldarrikapenerako izateaz gain, ospakizunerako ere badenez, han eta hemen hainbat jatordu egingo dituzte elkarregaz.
Iaz moduan, aurten ere emakumeek planto egingo dute; kontsumismoari, kapitalismoari, patriarkatuari, heteroarauari, kolonialismoari, eta kapazitismoari planto. Hala, “kaleak aldarriz betetzeko, bihurriak izateko eta kaleak, plazak zein gauak hartzeko” deialdia zabaldu dute.
- Busturialdeko egitaraua, herriz herri
- Martxoak 8ko antolaketaren nondik norakoak. Garbiñe Delgado: “Gizonezkoak etxeko lanak eta zaintza lanak egitera deitzen ditugu”
- Elkarrizketa Esti Diazegaz, Aztiko biologoa. Esti Delgado: “Zientzialarien estereotipoak apurtu egin behar ditugu”
- Zaintzaren zamaren neurgailu
- Zutabea. Makroak eta mikroak
- Euskal emakume hautetsiek bat egin dute martxoaren 8ko deialdiagaz