Esti Diaz: "Zientzialarien estereotipoak apurtu egin behar ditugu"
Azti Zentro Teknologikoan lan egiten duten ikertzaileen %57a emakumeak dira. Horien artean, Esti Diaz biologoa dago. Bere ustez, zientzialarien irudia aldatu beharra dago.
Biologa lanetan ari zara Azti Zentro Teknologikoan. Zergatik erabaki zenuen ikertzailea izatea?
Betidanik argi eduki dut biologia gustatzen zaidala, oso irakasle onak izan ditut, eta horrek asko lagundu dit. Leioan ikasi nuen biologia, eta hirugarren mailan nengoela, laborategian barne lanak egiteko ikasleak behar zirela esaten zuen iragarki bat ikusi nuen. Horrela, tesia egiten ari diren beste ikasle batzuei laguntzen hasi nintzen, eta, hori egin eta gero, nik neuk beka bat eskatu nuen tesia egiteko. Nire lana arrain larbei buruzkoa izan zen, eta bukatu nuenean, Aztin sartu nintzen. Aingiragaz lan egiten hasi nintzen, eta gaur egunera arte. Historia, kazetaritza… dena iruditzen zitzaidan interesgarria. Nire kasua guztiz kontrakoa zen beste batzuenagaz alderatuta; batzuei ez zaie ezer gustatzen, niri, berriz, dena.
Unibertsitatean ikasten ari zinela, nola ikusten zenuen zientzia ardatz zuten ikasketetan zeuden emakumeen egoera?
Biologian ikasle gehienak emakumeak dira. Zientzietan emakumerik ez dagoela esaten denean, esparru zehatz batzuk aipatzen dira, ingeniaritzak esaterako. Kimika, matematikak edota biologia ikasten dutenen artean emakume gehiago daude. Biologia barnean bai ikusten nuen banaketa kasu bat: emakume gehienek laborategi barruko lanak egitea hautatzen zuten, eta gizonezkoek landa lanak egiten zituzten. Baina hori aldatzen doa. Itsas ikerketan, adibidez, gero eta emakume gehiago gaude lanean, arrantzaleekin batera itsasoratzen direnak landa lanak egiteko.
Zer nolako esperientziak bizi izan dituzu landa lanetan?
Lehenengo aldiz itsasoratzerakoan, Ondarroan egitea egokitu zitzaidan. Joan nintzenean, beste arrantzaleek lan gehiago emango nien beldurra zeukaten, ea zorabiatuko nintzen edo. Gero oso pozik geratu ziren, ea noiz itzuliko nintzen galdetuz. Orain errazago onartzen gaituzte, arrantzaren munduan gizonezkoak nagusi dira, baina guk itsasoko ikertzaile bezala beraiekin askotan lan egin behar dugu. Dagoeneko gu ikustera eta gugaz lan egitera ohitu dira. Azken finean, Aztiko ikertzaileen erdia baino gehiago emakumeak gara. Itsas ikerketa zentroa gara, baina horren barnean arrantza oso garrantzitsua da.
«Nahi duenak bere helburuak lortzeko gai dela erakutsi behar da»
Zergatik ematen dira lehentasun horiek kasu batean edo bestean?
Inspira Steam proiektuan sartuta nago, aholkulari bezala. Esaterako, iaz Gernika-Lumoko institutuko ikasleekin solasaldiak egin ditut, eta, aurten, Bilboko Tiboli eskolan izan naiz; oso esperientzia polita izan da. Horietan hainbat joera aztertu ditugu, eta lehentasun horiek emateko zergati asko daude. Ikerketa baten arabera, 6 urtetik gora, neskak beraien burua gutxiesten hasten dira. Mutilak azkarragoak direla pentsatzen hasten dira. Zergatik? Kanpotik jasotzen dituzten mezuengatik. Mutilek segurtasun mezu gehiago jasotzen dituzte, “oso onak” direla esaten zaie. Neskek, berriz, ez hainbeste. Bestalde, modelo falta bat dago. Neskek ez badute ikusten beraien inguruan ingeniari moduan lanean ari diren emakumeak daudela, erreferenterik ez badute, mundu hori gizonezkoena dela ikusten dute, eta ez dira bertan sartzera animatzen.
Motibazio falta bat dago?
Bai, eta hori estereotipoetatik dator. Hau gizonen lana da, beste hau emakumeena… Umetatik hasten da hori. Adibidez, jostailuak aztertzen baditugu, neskenak zaintzagaz lotuta egoten dira, eta mutilenak, berriz, sormenezkoak dira. Halako gauzek eragin handia dute, ohartzen ez baldin bagara ere. Bakoitzak nahi duena izan behar du, argi dago, baina nahi duenak bere helburuak lortzeko gai dela erakutsi behar da. Ingeniaritzetan emakumeen kopuruak behera egin du azken urteetan. Garai batean gorantza egin arren, berriz beheranzko joera dago. Nire adiskideek Informatika ikasi zutenean, emakumeak ikasleen erdia ziren. Gaur egun, oso emakume gutxik hautatzen dute Informatika. Ez hori bakarrik. Ikasketetan nota hobeak ateratzen ditugun arren, gizarteko beste edozein esparrutan bezala, ez gara zuzendaritza edo gorago dauden postuetara iristen. Zientziaren artazia bezala ezagutzen den grafikoa ikusten baduzu, lizentziatu edo gradua daukaten emakume zientzialarien kopuru handiagoa dagoela ikusiko duzu gizonekin alderatuta. Katedra edo doktoretzatara iristerakoan, kopuru horrek beherakada izugarria du, eta gizonezkoen kopuruak gora egiten du.
«Neskei kritikoagoak izaten irakatsi behar zaie, beraiek benetan askeagoak izaten laguntzeko»
Zer egin behar da neska eta emakumeei mundu honetan murgiltzera animatzeko?
Inspira proiektuaren barnean, hainbat ikastetxeetako neskekin egon gara saioak egiten. Horietako helburuetako bat beraiei emakume zientzialariak edozein emakume bezalakoak garela erakustea izan da. Big Bang Theory bezalako telesailetan emakume zientzialari bat agertzen denean, friki bezala azaltzen da. Gainera, askotan ematen du zientzialaria izanez gero beste guztiaz ahaztu egin behar zarela, baina ez da horrela izaten. Zientzialarien estereotipoak apurtu egin behar ditugu.
Nola apurtu behar dira estereotipo horiek?
Neskei kritikoagoak izaten erakutsi behar zaie, benetan askeagoak izaten, erabaki propioak hartzen laguntzeko. Lehen esan bezala, erreferenteak azaldu behar zaizkie. Historian emakume zientzialari asko daude. Testu liburuetan askoz ere gizonezko gehiago azaltzen diren arren, ezagunak ez diren emakume asko daudela erakutsi. Neskei ikasgeletan hitza ematea ere beharrezkoa da. Eskua igo, eta galderak egin edo erantzunak ematea mutilei baino gehiago kostatzen zaie. Horregatik, irakasleek ikasgelan neskak parte hartzera animatu behar dituzte.