Bermeoko kirol instalazioak hobetzeko eskaera egin du EAJk
Hobekuntzak egiteko udal gobernuak "udal kutxaren foru funtsetik hartuko dituen 600.000 euroak" erabiltzeko proposamena egin du.
Udal kirol instalazioen egoera hobetzeko proposamena aurkeztu eta erregistratu du Bermeoko EAJk. Bertan, udal gobernuari, udalerriko instalazio batzuen “egoera txarra” ikusita, “arintasunez esku hartzeko” eskaera egin dio.
Gaur goizean jeltzaleek egindako agerraldian, Aritz Abaroa bozeramaileak Itxas Ganeko Penta futbol zelaiko aldagelak berriztatu eta Araneko kiroldegian larrialdietarako eskailera egokitzeko “beharra” nabarmendu ditu. Lan horiek egiteko udal gobernuak “udal kutxaren foru funtsetik hartuko dituen 600.000 euroak” erabiltzeko proposamena egin du.
Abaroaren berbetan, diru kopuru hori “udal aurrekontua diseinatzerakoan aurreikusitakoa baino kopuru handiagoa da, ia bikoitza“. EAJk argi dauka aipatutako bi jarduerek “berehala esku hartzea” eskatzen dutela: “futbol zelaiko instalazioak egoera oso penagarrian daude, batez ere txikienek erabiltzen dituzten aldagelak, eta bestalde, kiroldegia, larrialdietarako eskailera barik jarraitzen duena”.
Adierazi duenez, “azken zortzi urteetan oraingo gobernu taldeak ez du inbertsiorik egin aldagelak egoera onean egon daitezen”. Bozeramailearen berbetan, aldagela horietan “hilero 400 neska mutiletik gora aritzen diren arren, mantentze lanik ez egiterakoan gutxieneko erosotasun eta segurtasun baldintzak ez dira betetzen”.
Larrialdiko eskailerak. Araneko kiroldegiari buruz mintzatzerakoan, 2006an Segurtasun Sailak egindako txostenaren xehetasunak gogoratu ditu bozeramaileak.
Dokumentu horren arabera “goiko kantxan larrialdietara irteera egin ezean, 100 pertsonatik gorako ekitaldirik egitea legez kanpo” dagoela adierazi du Abaroak, eta horren ondorioak “gobernu taldeak bere gain hartu beharko” dituela aldarrikatu du. Larrialdietarako eskailerarik gabe “errusiar ruleta” batean parte hartzen ari direla uste du.
Ez da EAJk eskaera hori egiten duen lehen aldia. Abaroak nabarmendu duenez, 2011an jeltzaleek lan horiek egiteko “proiektua eta aurrekontua prest” utzi zituzten, baina ordutik hona “ez da gehiago jakin, ez diruaz ezta proiektuaz ere”. Jeltzaleek 2011an prestatu zuten proiektu hori “berreskuratzea eta eguneratzea” eskatu dute, udalkutxaren diru kopuru bat erabiliz horretarako.