Bermeoko ostalarien elkartea sektorea indartzeko lanean ari da
Herriak bizitako garapen turistikora egokitzeko neurriak hartuko dituzte.
Bostale Bermeoko ostalarien elkarteak, “indarberrituta”, herriko eskaintza hobetzeko lanean ari dela adierazi du.
Modu horretara, “ostalaritza sektorea indartu” gura dute. Helburu hori lortu ahal izateko, elkartea “barne lan garrantzitsua” egiten eta herritar zein turistentzat prestatutako “hainbat ekimen abiaraztea” ari dela azaldu dute Bostaleko ordezkariek gaur goizean Bermeoko Udalagaz batera egindako agerraldian. Bertan Karmele Sanchez, Patxi Erauzkin eta Cari Gonzalez Bostaleko ordezkariak eta Irune Ormaetxea Bermeoko Garapen zinegotzia batu dira.
Elkarteko kideek gogoratu dutenez, Bostale 2012. urtean sortu zen, eta gaur egun 30 kidez osatuta dago. Elkartea “ekintza bateratu eta koordinatuen bidez” bazkide bakoitzak eskura dituen baliabideak hobetzeko asmoz sortu zen. Horrela, herritarrentzat eta turistentzat Bermeoko ostalaritza sektorea erakargarriago bilakatzeko lan egiten dute.
Azaldu dutenez, argi dute elkarteko kide bakoitzak proiektatzen duen irudiak “eragin handia” daukala herriak maila orokorrago batean duen irudian. Ormaetxearen berbetan, Bermeon turismoak gora egin du azken urteetan, eta kanpotik datozenek askotan herriaren “lehen balorazioa ostalariengatik” jasotzen dute.
Horren ondorioz, Bostalek eta udalak elkarlanean aritzea erabaki dute. “Enpresa pribatuaren inplikazio mailak herri garapenean gero eta garrantzi handiagoa duela uste dugu, udalaren eta entitate publikoen esfortzuak behar den eragina izateko ezinbestekoa delako sektore pribatuaren inplikazio aktiboa”, azaldu dute.
Garai berrietara moldatuz. Herriak bizitako garapen turistikoak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatu nahi ditu Bostalek etorkizunera begira. Dituzten baliabideei ahalik eta onura handiena ateratzeko lanean ari dira. “Egoera berrietara egokitzeko eta hain berriak ez diren egoerak berraztertzeko” formakuntza jasotzea beharrezkoa dela uste dute. Horretarako, Bermeoaldeko Behargintzak eskainitako zerbitzuez baliatuko direla adierazi dute. Bostaleren helburua “urtean gutxienez bi formakuntza bideratzea” da.
Formakuntzagaz batera, dinamizazio zerbitzu bat izatea “guztiz beharrezkoa” dela nabaritu dute. Alde batetik barne dinamizazioa bideratzea lortzeko, eta, bestetik, ekintzen dinamizazioa bideratzeko. Arrazoi horiengatik, elkarteak dinamizazio zerbitzu bat kontratatu duela jakitera eman du.
Zerbitzu horrekin “kideen zalantza konkretuei erantzunak eman, horniduren prozesu berriak aztertu kostuen aldetik hobekuntzak izateko, kideei lan poltsak bezalako zerbitzu berriak eskaini, kide berriak biltzea lortu eta horiei sektoreari dagozkion arautegietara egokitzen lagundu” egingo zaiela adierazi dute.
Gainera, herriko jai batzorde barnean “partaidetza aktiboa” izatea sustatuko du dinamizazio lanak. Ostalaritza sektore barruan udalagaz eta herriko beste elkarteekin “elkarlana” bultzatuko dute modu horretara, “guztien esfortzuak batuta emaitzak hobeagoak izaten direlako”.
Etorkizunerako ekintzak. Elkartearen biziberritzeari hasiera emateko, Bostalek prestatutako ekintzen berri emateko ere aprobetxatu dute ordezkariek. “Ilusio handiagaz”, aste honetan jarriko dute martxan lehen ekimena, barikuan hasiko duten zozketa batekin. Hala, elkarteko bazkide bakoitzak 200 tiket banatuko dizkie bezeroei, eta horien artean pintxo pare bat eta ardoa zozketatuko dituzte.
Arrain Azokan eta herriko jaietan tailerrak eskainiko dituztela aurreratu dute. Ordezkarien berbetan, “Arrain Azokak eragin ekonomiko handia dauka sektorean, eta guk bertan parte hartzea garrantzitsua da herriko eskaintza hobetzeko”.
Bide horretatik jarraituz, ekainerako “proiekzio handiko” ekimen bat lantzen ari dira. “Herri mailako egitasmoa” izango dela azaldu dute, elkarte, erakunde eta pertsona askoren artean landutakoa. Ekimenagaz “elkarlanarentzat esparru berriak bilatu” eta “herri mailako eskaintza hobetu” nahi dute, “jendea erakarriz eta Bermeoko herria hedabideetan zabalduz”. Bermeo Tuna World Capital ekimena ere aipatu dute, eta horren barnean iaz hasitako Tuna Pintxo Tour bueltan izango dela esan dute, “bertoko produktuari zabalkundea emateko”.
Bukatzeko, Bostaleko ordezkariek elkartean izena emateko deialdia egin dute. Izan ere, dinamizazio zerbitzuagaz bazkideek “ardura osoz” laguntza zehatza jasoko dutela azaldu dute. Eskaria herriko ostalariei soilik luzatu beharrean, etorkizunera begira ontzat joten dute beste enpresa mota batzuk Bostalera gehitzea: aisialdiko enpresak edota dendak, esaterako. “Guztion artean lan eginda emaitzak onagoak izango direla ziur gaude”.