Bakardade egoeran dauden pertsona nagusiei laguntzeko ekimena abiaraziko dute Bermeon
'Bizitzaren azkena eta Bakardadea. Zurekin Bananduz' programa Bermeon sortzeko hitzarmena sinatu dute udalak eta Santurtziko San Juan de Dios ospitaleak.
Bermeoko Udalak eta Santurtziko San Juan de Dios ospitaleak bakardade egoeran dauden pertsona nagusiei laguntza eskaintzeko elkarlanerako hitzarmena sinatu dute Bizitzaren azkena eta Bakardadea. Zurekin Bananduz izenagaz.
Gaur goizean batu dira Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateordea eta Gizarte Ongizate Udal Patronatuko lehendakaria, Leire Diaz programa koordinatzen ariko den gizarte langilea, Miren Viña eta Julio Gomez San Juan de Dios ospitaleko koordinatzailea eta medikua, hurrenez hurren, akordioa aurkezteko.
Bertan azaldu dutenez, proiektuaren helburu nagusia “bizitzaren azkenean bakardade egoeran dauden bermeotarrei laguntzea” da. Laguntza hori emateko boluntarioen laguntza edukiko dute, eta horiei formakuntza saioak eskainiko dizkiete, San Juan de Dios ospitaleko profesionalen eskutik. Ekimena guztiz doakoa izango dela zehaztu dute.
Programa 2016. urtetik dago martxan Bizkaia mailan La Caixa Gizarte Ekintzak sustatuta, eta 347 pertsonak jaso dute laguntza horren bidez. Halere, Bermeo zerbitzu hori eskaintzen duen lehenengo udalerria izango da.
“Pertsona baten azken egunetan guztiz garrantzitsua da laguntza soziala zaintze lanen barneko arlo bezala sustatzea”. Arrazoi hori dela eta, herritarrei zuzendutako gizarte eskaintza zabaldu nahi izan du udalak, “ahultasun handiko egoera batean” bakarrik bizi diren herritarrei laguntzeko.
960 bermeotar bakardadean. Diazen berbetan, hasiera batean “bost pertsona” boluntario moduan aritzea aurreikusten dute. Modu horretara, bakardade egoeran edo arriskuan dauden bost bermeotarrei lagunduko diete. Bermeon 65 urtetik gora dituzten eta etxean bakarrik bizi diren 960 pertsona daudela zehaztu du koordinatzaileak eta azken urteetan kopuru horrek gora egin duela.
Etorkizunean programan parte hartuko duten boluntario kopuruak gora egitea espero dute. Izan ere, dagoeneko egin dituzten formakuntza saioetan 20 pertsonak parte hartu dute.
Viñak argitu duenez, formakuntza plangintza barnean hilero batzartzen dira boluntarioekin. Saio horietan hainbat gai lantzen dituzte: zainketa aringarriak, boluntarioen ahalmena eta jarrera, heriotzarekin harremana, sufrimendua partekatzea, emozioak adieraztea edota legatua transmititzea, besteak beste.
Egunerokotasunean lagunduz. Zaintza eta laguntza eskaintzerako orduan, boluntarioek “zeregin errazak” beteko dituztela azaldu du. Pertsona nagusiei eguneroko zereginetan lagunduko diete, pasealdiak eginez beraiekin, jolastuz edota hitz eginez.
Gomezen berbetan, “pertsona nagusiak bakarrik egoten dira beraien bizitzaren azken uneetako %95ean”. Hori dela eta, ekimenagaz nagusiei duintasunez bizitzeko aukera eman nahi zaie, “minik gabe, beldurrik gabe eta bakarrik egon gabe”.
Ibarrolazak eskerrak eman dizkio San Juan de Dios ospitaleari, “programa martxan jartzeko emandako laguntzagatik”, baita bertan parte hartuko duten boluntarioei ere, “beraien laguntza gabe ekimena abian jartzea ezinezkoa” izango zelako.
Horren harira, are herritar gehiagok parte hartzea espero duela adierazi du, boluntario gehiagoren laguntza beharko dutelako. Parte hartu edota bakardadean aurkitzen den pertsona nagusi bati laguntzeko deia egin nahi duenak Bermeoko GOUPagaz harremanetan jarri beharko du.
Bukatzeko, Viñak bakardadea “XXI. mendeko gaixotasuna” dela adierazi du, eta “bizitzaren azkenean dauden pertsona nagusien osasun egoeraren pertzepzioan eragina” duela. “Mundu guztiak lagunduta sentitzearen beharrizana dauka eta baita ere horretaz jabetzearena”.