Hizkuntza aniztasunaren aldeko kantu antzeztua
Euskara hurrengo milurtera eramango du Tartean Teatroak barikuan Bermeoko Kafe Antzokian antzeztuko duten ‘Ghero: azken euskalduna’ obrarekin. Euskaltzaindiarekin elkarlanean ekoitzu dute.
XXI. mendea, 3.000 urtea eta euskara bera planetaren inguruan orbitatzen. Azken euskalduna egoera futurista batean kokatu du Tartean teatroak Ghero izeneko antzezlanean. Euskaltzaindiarekin batera ekoiztu du obra, eta euskarari keinu beerzia egiten dio. Euskarak bakarrik ez, hizkuntza gutxituek presentzia izango dute Ghero antzezlanean, baita desagertuta dauden hizkuntzek ere.
Antzezlanean dozena bat hizkuntza desberdin erabiliko dituzte: euskara, inglesa, frantsesa, gaztelera, txinera, katalana, galiziera, eta dagoeneko hil diren zenbait hizkuntza ere berreskuratu dituzte obra honetarako: latina, miq-mack-era (Ternuako aborigenen hizkuntza), iberoa edota protoeuskara, kasurako.
Hala ere, euskara izango da Ghero antzezlanean protagonista nagusia: euskara eta azken euskalduna.
Urrituz doan ondarea. Euskararen iraupenaren misterioarekiko harridura irudikatu nahi izan du Patxo Telleriak Ghero: Azken euskalduna izeneko obra honetan. Berak idatzi du dramaturgia, eta Jokin Oregirenak dira zuzendari lanak. Oholtza gainean, bost antzezle: Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri, Mikel Martinez eta Patxo Telleria.
Hizkuntza minorizatuekin, formato handira jauzia egin du Tartean Teatroak, eta euskararen akademia izan du bidelagun, azken horren mendeurrenaren harira sortutako elkarlanaren bidez.
Kantu eta gorazarre, euskarari eta hizkuntza minorizatuei, hizkuntza aniztasunari eta gizateriaren ondare kultural ukaezinari. Urteekin urrituz doan patrimonio horri arnasa eman gura dio Gherok. Antzezlanaren ekoizleek esan bezala, «milaka landare eta espezierekin gertatu bezala, hizkuntza txikiak desagertzen ari dira pixkanaka eta erremediorik gabe. Soilik indartsuenak gailentzen dira, eta joera geldiezin horren arabera, litekeena da etorkizun batean denok hizkuntza bakarra egitea». Obraren egileen ustez, gainera, askok ontzat joko lukete balizko egoera hori, eta balizko etorkizun horretan kokatu dute istorioa.
3.000 urtean euskara desagertzeko zorian dago, eta azken euskaldunak izkin egin nahi dio halabeharrari. Hain zuzen, antzezlanak erakutsi nahi du benetako misterioa ez dela euskararen jatorria, baizik eta bere biziraupen harrigarria. Bederatzi istorio taularatuko dituzte barikuan, Bermeoko Kafe Antzokian. Bederatzi antzerki poema, euskararen planetaren inguruan orbitatzen.
Antzezlan «emozionantea, originala, dibertigarria, harrigarria eta estetikoki ausarta» legez aurkeztu dute. Emanaldia 20:00etan hasiko da.