Arnasa hartzen jarraitzeko bultzada
Mailari eustea da basurdeen erronka, eta hori lortzeko bidean garaipen garrantzitsua lortu dute La Villaren kontra, Alacanten.
Bizirik irauteko lanean ari da Gernika RT. Ohorezko Mailaren sailkapenean, azken postutik atera ezinik dago, eta mailaz ez jaistea da klubaren helburu nagusia. Zeregin horretan pauso garrantzitsua eman zuten atzo, Alacanten.
Sailkapeneko azken postuan zeuden bi taldeak aritu ziren zein baino zein gehiago: Gernika RT eta CR La Villa. Aurkari zuzenak; biak ala biak puntu beharrean, eta behekaldetik ateratzeko borrokan ari direnak.
Gernika-Lumoko taldea 20-27 nagusitu zitzaion etxeko taldeari. Besteren artean, Setu Enoka eta Timoti Purewa Marr “basurde berriak” nabarmendu ziren zelaian, baina, taldeak lan izugarria egin zuen batik bat bigarren zatian.
Gernika-Lumoko taldea ondo hasi zen, baina, etxekoek erantzun eta 20-9ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira, eta bigarren zatian markagailua irauli zuten basurdeek. Partiduaren kontrola hartu, eta apurka-apurka nagusitasunez jokatuz lortu zuten aurkaria mendean hartzea. Lehia amaitzeko hiru bat minuturen faltan erdietsi zuten zazpi puntuko aldeari eutsi zioten amaiera arte.
Hernani. Bultzada garrantzitsua da atzoko garaipena. Ohorezko Mailan amesten jarraitzeko eta indarra hartzeko beharrezko jauzia. Hala ere, bost jardunaldi bakarrik falta dira denboraldia amaitzeko ( talde gernikarrak sei partidu lehiatu behar ditu, Complutense Cisnerosen kontrakoa bertan behera utzi behar izan zutelako, Urbietako zelaiaren egoera txarragatik).
Talde gernikarrak 19 puntu ditu; CR La Villak 25 puntu; Hernani CREk 28 puntu eta Complutense Cisnerosek 29 puntu. Hain zuzen, talde hernaniarra izango da hurrengo aurkaria. Urbietak hartuko du euskal derbia domeka eguerdian.