Mallona Alkatearen kaleko hamaika zuhaitz moztu ditu udalak
Moztutako arbolekin batera, kaleko beste zuhaitzak inausteko lanak egin dituzte.
Mundakako Udalak Mallona Alkatearen kalea atontzeko lanak burutu zituen joan den astean. Zehazki, txorrokopuntatik gora doan errepide ondoko hamaika zuhaitz ebaki dituzte.
Juan Ignacio Villanueva Mundakako Herri lan eta Zerbitzu Batzordeko buruak azaldu duenez, zuhaitz horiek “benetan egoera txarrean” egon dira. “Batzuk besteak baino hobeto”, baina hamaika arbolak moztea derrigorrezkoa izan da udalarentzat. Villanuevak nabarmendu duenez, arbolak gune horretarako “tamaina handiegia” zuten, “ez zen posiblea besoekin zuhaitza osorik inguratzea”.
Horren ondorioz, zuhaitz batzuk barrutik “hutsik” zeuden, eta “ezin ziren horrela utzi”. Kalean banatutako beste zuhaitz batzuen kasuan, horiek inausteko lanak egin ditu udalak.
Villanuevaren berbetan, hainbat arbolak adar luzeegiak zituzten, eta horiek “arriskutsuak” izan zitezkeen bai oinezkoentzat zein kalean aparkatuta zeuden autoentzat. Hala, segurtasuna kontuan izanda egin dituzte lanok.
Lanen jarraipena. Joan den urteko udaberrian beste arbola bat moztu zutela gogoratu du Villanuevak. Hori ere egoera eskasean zegoen, eta ordutik hona kaleko zuhaitzei banakako jarraipen bat egiten hasi zen udala. Etorkizunera begira, moztutako zuhaitzak dauden lekuan beste arbola batzuk landatzeko asmoa adierazi du Villanuevak.
Aipatutako lanez gain, abenduan Mundakako Talako zuhaitz batzuk inausi zituzten, eta horiei jarraipena emateko asmoa azaldu du udalak. “Denborak laguntzen duenean”, udaleko zerbitzuetako kamioia sartuko da talako goiko aldeko zuhaitzak kimatzera.
Izan ere, 7 urte inguru daramatzate inausketa lanak egin barik. “Altuera handia duten zuhaitzak dira, eta haize zarrakagaz adarrak jeusten direnez, gunea itxi beharra izan dugu”. Hala, herriko zuhaitzak zaintzen jarraituko dute.