Bermeoaldeko Behargintzak 31 enpresa sortarazten lagundu du 2018an
Guztira, 44 lanpostu sortu dira bultzatutako enpresekin batera.
Joan den urtean zehar, enpresa berriei bizia emateko 65 proiektu aztertu zituen guztira Behargintzak. Horietatik, 31 dira bideragarritzat eman eta martxan jarri diren enpresak. 15 ez bideragarri modura izendatu dituzte, eta gainerakoak, 19 guztira, oraindik aztertzen ari dira edota enpresa sortzeko prozesuan daudela zehaztu dute.
31 enpresa horien sorkuntzagaz batera, guztira 44 lanpostu sortzea lortu dute. Enpresa horietatik, %42a zerbitzu enpresak dira, %29a turismo eta ostalaritza sektoreetakoak, %16a dendak eta gainerakoak eraikuntza eta artisautza arloetakoak. Behargintzatik jakitera eman dutenez, enpresa horien %85a Bermeon kokatuta dago.
Enpresa bat martxan jarri nahi dutenek aurkeztutako proiektuak aztertzen ditu Behargintzak. Horrez gain, hainbat ikastaro eta tailer eskaintzen ditu. 2018an 30 orduko oinarrizko enpresa kudeaketa gehi banakako tutoretzak batzen zituzten hiru ikastaro eta 22 tailer eskaini zituen, enpresa berriak “sendotu eta lehiakorragoak izaten laguntzeko”.
Ikastaroekin batera, Behargintzak nahi duenarentzat diru laguntzak tramitatzeko aholkularitza ere eskaintzen du. Aipatutako 30 orduko ikastaroak eta tutoretzak BFAko diru laguntza jasotzeko derrigorrezkoak direla jakinarazi dute, baita Behargintza ikastaro horiek eskaintzeko homologatuta dagoela.
Izan ere, formazioa eta aholkularitza jaso duten 30 enpresen diru laguntzak kudeatu zituzten joan den urtean. Horri esker, ekintzaileek 109.000 euro jasoko dituzte aldundiaren enpresak abian jartzeko eta sortzeko laguntzak programaren baitan. Ez da jasoko duten diru laguntza bakarra izango. Aholkularitza jaso duten ekintzaileak beste programa batzuetako diru laguntzak jasotzeko kudeaketa lanak egiten ari da Behargintza, eta horien bidez ekintzaileen artean beste 155.000 euro inguru banatzea aurreikusi dute.
Ikastaro berria. Urte berria hasita, aldundiak homologatutako ikastaro berria eskainiko dutela zehaztu dute. Ikastaroa otsailaren 18tik 22ra egingo dute, eta enpresa berria martxan jartzeko asmoa dutenei zuzenduta egongo da.
Argitu dutenez, bertan ideiaren analisia eta balorazioa, negozio eredu desberdinak, izaera juridikoak, eraketa eta hastapen izapideak, marketing tresnak, ekonomia eta finantza plana, zergak eta likidazioa, inbertsioen finantzaketa, diru laguntzak, enpresaren gizarte erantzukizuna eta teknologia berrien erabilera moduko gaiak jorratuko dituzte.
Ikastaroa Behargintzan bertan eskainiko dute. Izena emon edo informazioa jaso nahi duten herritarrek Behargintzako bulegora hurreratu ahalko dira, edo 966 17 91 90 telefonora deitu.