Harrobi sendoa, ilusioz
Bermeoko Arraun Elkartearen harrobia aurkeztu dute. Arraunean gozatzeko ilusioagaz daude 30 bat gaztetxo.
Arraun zaletasuna herrian zabaltzeko ahalegin eta lan garrantzitsua egiten dute Bermeoko Arraun elkarteko harrobiaren arduradunek, eta urtetik urtera lan horrek emaitzak ematen dizkiete.
Gaur egun, Bermeoko harrobia 30 bat gaztetxo osatzen dute. Benjamin (lau mutil), txiki (bi mutil eta bi neska), kadete (bi neska eta hamar mutil inguru) eta gazte (6 mutil) mailetako arraunlariak aurkeztu zituzten zapatuan portuan egin zuten agerraldian. “Ilusio handia dute Bermeoko neska-mutil arraunlariek; izan ere, guztiek kirola egiteko aukera izango dute, guztiek estropadetan parte hartuko baitute, arraunean gozatzeko aukera izugarria izanik”, azpimarratu dute Bermeoko Arraun Elkarteko harrobiko arduradunek.
Bizkaiko Batel Liga eta Bermeoko bost batelek parte hartuko dute aurtengo denboraldian. Hain zuzen, asteburuan zen hastekoa Bizkaiko Batel Liga Sestaon, baina eguraldi txarragatik, bertan behera geratu zen jardunaldia. Datozen bi asteburuetan Sestaon lehiatuko dira; hilaren 16an eta 17an goizez, eta 23an, arratsaldez.
Ondoren, Ondarroan (martxoak 2) lehiatuko dute jardunaldi bat, eta berriro ere Sestaon ariko dira bi asteburutan (martxoak 10 eta 16). Bermeok ere batel ligako bi jardunaldi hartuko ditu: martxoaren 23an eta 24an. Ondoren, Sestaon ariko dira martxoaren 31an, eta leku berean jokatuko dute Bizkaiko Txapelketa, apirilaren 6an eta 7an. Denboraldia ondo prestatzeko, harrobiko arraunlariek astelehenetan, eguaztenetan, eta barikuetan entrenatzen dute; zapatuetan estropadetan parte hartzen dute eta domekatan berriro ere entrenatu. Hiru entrenatzailek (neska bat eta bi mutil) dute harrobia zuzentzeko ardura.
Elkarteko arduradunek gogora ekarri dute bederatzi urtetik gorako neska-mutil guztiek parte hartu dezaketela, arraunarekin gozatuz. Hala, ume eta gaztetxoei, neska eta mutilei, arraunean trebatzeko gonbidapena luzatu diete: “Arrauna guztiontzako kirola da, eta garrantzitsua da Bermeon zaletasuna mantentzea. Horretarako ezinbestekoa da belaunaldi berriak kirol hau egitera animatzea”.