Abstraktutik konkretura
Marcos Zorraquino sortzaileak bere irudimenetik errealitatera ekarritako eskulanen bilduma batu du Busturiko Kultur Etxean. Ideia, irudipen eta ametsetatik jaiotako 20 bat lan jarri ditu ikusgai bertan.
Irudimena, sormen gaitasuna eta izatea. Gizadiak bere eskuetan dituen ezaugarri berezienetakoak direla esan daiteke. Horiei esker heldu gara gaur egun gauden lekura. Zientzia bultzatu eta gure bizitzeko modua maila berri batera eramateko ezinbesteko ezaugarriak izan dira, noski. Baina baita ere gure sentipenak eta ideiak azaleratu eta aditzera ematekoak ere.
Horren adierazgarri ezinhobea da Marcos Zorraquino artistak egindako eskulanen erakusketa. Zorraquinok bere burua “autodidakta eta polifazetikotzat” du. Izan ere, forma eta tamaina guztietako artelanak sortzen ditu bere eskuekin. Eskulan horiekin, artistak Busturiko Kultur Etxeko aretoan prestatu du erakusketa, Konkreto izenpean.
Zorraquinoren berbetan, “abstraktu guztia konkretu den zerbaitetik jaiotzen da”, eta hortik dator bere bildumaren izena. Izan ere, “abstraktua ez da anbiguoa, ez da galdua dagoen zerbait”. Guztiz kontrakoa. Artistaren ustez, abstraktuak ideietatik garatzen dira: ideia horiek irudi bat, irudipen bat, forma bat edota amets bat izan daitezke. Horrela, horiek moldatu eta forma emanez, artista, poeta eta idazleek, ume zein nagusi, erreala den zerbaiten bilakatzeko aukera dute. Hala izanik, “dena da erreala” Zorraquinoren buruan.
Urtebeteko lana. Sortzaileak aitortu duenez, 2016ko maiatzean hasi zen bilduma osatzen duten lehen lanak prestatzen. Gutxika lanean hasi, baina lanak “bata bestearen atzetik” irteten hasi zitzaizkiola dio, bere ezusterako.
Artelanen bilduma bat sortzerakoan, bere burutik pasatu diren “irudi batzuengatik” jaiotako obrak sortzen ditu. Azaltzen duenez, irudi horiei zirriborroen bitartez ematen die lehen arnasa, baina askotan, zirriborroek “ez dute inolako jarraipenik izaten”.
Hori dela eta, bildumako lehen lanak egiterakoan edukitako erraztasunak harritu egin zuen sortzailea, eta ia urtebeteko epean, 20 lan inguru prestatu zituen guztira Zorraquinok, etenaldi batzueki. Hala, batez ere egurra erabilita sortutako muralak eta eskultura bertikalak eratu ditu sortzaileak.
Artelanek natura ekartzen dute gogora: basoak, mota desberdinetako lora edo landareak, harriak edota mendiak… baina naturagaz batera, gure bizitzako eguneroko elementuak ere txertatu ditu Zorraquinok.
Esate baterako, hainbatetan umeentzako jolastokien eta zabuen soslaiak nabaritu daitezke. Umeen burmuinetan bat egiten dituzten elementuak, hain zuzen ere, natura askotan beraien aisialdiko eta abenturetako zati bat bilakatu daitekeelako.
Azken egunak. Konkreto erakusketaz gozatzeko azken egunak dira hauek. Zehazki, etzi izango da Zorraquinoren bilduma Busturiko Altamira auzoko Kultur Etxean ikusgai egongo den azken eguna. Irudimenetik sortutako artelanak ikustera hurreratu nahi duenak dohainik ikusteko aukera edukiko du gaurtik etzira arte, 16:00etatik 20:30era bitartean.