Arrainen buztanak eta urrezko orraziak
Mitologia klasikoak hainbat izaki magiko ditu, eta horietako asko eta asko bat datoz euskal mitologiakoekin. Laminak, esaterako, asko hedatu dira mundu osoan zehar, eta bermeotarren artean ere badira haien inguruko kondairak.
Laminek leku berezia dute munduan zehar sakabanaturik dauden herrialde eta kulturetako istorioen barnean. Edonon dira ezagunak erdi emakume eta erdi arrain diren izaki mitologiko horiek, eta fantasiazko eleberri modernoetan ere hainbatetan azaldu izan dira era batera edo bestera.
Sirena edo lamina esaten zaion emakumearen agerraldi ezagunena, ziurrenik, Homeroren Odisea liburu famatukoa izango da. Euskal mitologian ere, laminek badute bere tokia, baina, nola ez, berezitasun batzuekin ezagutzen ditugu hemengo izaki mitologikoak. Kontakizun batzuetan, itxura berbera du: emakumearen burua eta enborra, eta arrainaren buztana gerritik behera. Beste batzuetan, ordea, lamina edo amilamia jeinu modura azaltzen da, eta arrainaren buztana eduki beharrean, oiloaren, ahatearen edota ahuntzaren hankak izaten ditu.
Oro har, laminak artilea haritu, etxeak eta elizak eraiki edota arropak garbitzeko zeregina edukitzen zuten elezaharretan. Dena den, urrezko orrazia eskuetan zutela ilea orrazteko afizioarengatik dira ezagunak batez ere, erreka bazterretan zeudelarik gauetan.
Horrela agertzen dira, esate baterako, elezaharren arabera Gaztelugatxe eta Matxitxako lurmuturraren inguruan dagoen aintzira txiki bateko laminak. Bermeo eta inguruetako herritar nagusienek Utxin esaten diote aintzirari; izaki miragarri horien bizilekua zen ur eremua. Herritarrek beldurra zioten laminei, bazekitelako horiekin topo egiten zuenak saminez eta oinazetan bizi beharra edukiko zuela bizi zen bitartean.
Kondairak dio Gaztelugatxe eta Matxitxako inguruan Utxin izeneko aintzira miragarri eta arriskutsu bat dagoela
Horren ondorioz, eguzkia sartu ondoren ez zegoen aintzirara hurbiltzen saiatzen zenik. Hala ere, bazeuden galdu ondoren hara iristen zirenak. Horietako baten istorioa ezaguna da herritarren artean. Kondairak dioenez, Uda izeneko ehiztari gazte bat, egun gogorra igaro ondoren iluntzean etxera bidean zihoala, gura barik aintzira ondotik igaro zen. Bertan, argi gutxirekin, giza irudi batzuk nabaritu zituen uretan. Jakin-minari ezin eutsita, hurbildu egin zen. Hamabi emakume zeuden uretan, baina, ehiztaria ikusi bezain laster, ihes egin zuten igerian. Uda, atsekabeturik, etxera itzuli zen.
Gaua lo ezinik igaro zuen ehiztari gazteak. Izan ere, ikusi zuena gogoan josita geratu zitzaion, eta berriz ere hara itzultzeko gogo biziz zegoen. Hurrengo goizean, ikusitakoa kontatu zion bere amaordeari, eta hark, kezkatuta, urrezko orrazi bat eskaini zion. Amaordearen esanetan, orrazi horrekin nahi zuena lortzeko ahalmena izango zuen Udak. Baina ohartarazpen bat ere egin zion opariari buruz: “Ez dezazula ezergatik ere inoren eskuetan utzi; bestela, galdua zara”.
Arratsaldea iritsi zenean, ehiztaria Utxin inguruan bueltaka hasi zen, berriz ere emakumeak ikusteko itxaropenarekin. Aintzirak eguzkiaren isla erakusten zuen, eta, hura ezkutatzerakoan, ur hotsa entzuten hasi zen mutiko gaztea. Une hartan, aurreko gauean ikusi zuen emakumeetako bat irten zen aintziratik, eta Udaren aurrera hurbildu zen, biluzik eta irribarretsu.
Tentazioa galbide
Oraingoan, izakiak ez zuen ihes egiteko asmorik, eta Udak gainean zeraman orrazia ikusterakoan, hura emateko eskatu zion. Ehiztariak, amaordeak esandakoa gogoratuz, ondo gorde zuen urrezko objektua, baina horrekin emakumea tentatzeko aukera otu zitzaion: “Orraziaren truke, neurea izan behar duzu”, esan zion. Emakumeak pozik onartu zuen proposamena, eta gaua batera igaro zuten. Azkenean, Uda lo geratu zen, nekatuta… baina azkar batean itzartu zen, barre algara maltzur batzuk entzunda. Emakumeak eskuetan zeukan orrazia.
Ehiztaria, izututa, ihes egiten saiatu zen, baina alferrik. Jeinu bat azaldu zitzaion, eta hark uretara bultzatu zuen. Urperatzen ari zela, hainbat emakume ikusi zituen, arrain buztanarekin. Laminen amarruan harrapatuta zegoen.