Aisialdi topagunea, Harrera eskualdean
Busturialdeko Harrera proiektuaren lan ildoetako bat errefuxiatuei aisialdiko jarduerak proposatu eta horietan bidelagunak izatea da. Orain, Astra Zinema Paradisogaz elkarlanean, zine emanaldiak prestatu dituzte eurentzat.
Sorterria utzi eta milaka eta milaka kilometro egin ostean ailegatzen dira Euskal Herrira. Batzuk bidaia luzea jarraian eginda; beste asko, bidean geldialdiak egin ostean, baina denak bizi berri eta hobe bat eraikitzeko ametsagaz. Amsa, Tamsir, Florian, Mohamed… jakinminez heldu ziren, eta Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideek zein hamaika norbanakok besoak zabalik hartu dituzte.
Oinarrizko beharrizanak eta eskubideak bermatzeko aterpea eman, eta elikagai edota arropa bilketak egin dira eurentzat. Alabaina, bertoko errealitatea ezagutzeko, harremantzeko zein entretenitzeko beharra ere badaukate. Aisialdiaz gozatzeko eskubidea, alegia. Hango zein hemengoentzat aberasgarria da kultur aniztasunean eraikitako elkarbizitza. Asko daukate ikasteko elkarrengandik, eta asko da batzen dituena.
Aisialdirako topagune garrantzitsua bilakatu da azken urteotan Astra Kulturarako Fabrika Soziala. Askotariko eskaintzak biltzen ditu, eta tartean dago Busturialdeko Harrera proiektuak eta Astra Zinema Paradisok urtarriletik esku artean duten egitasmo berria. Hamabostero film bat ikustea da proposatzen duten plana: krispetak eta zinema.
Eskualdera heldu eta bloke naranjan bizi diren etorkinengan pentsatuta jarri dute martxan dute proiektua, baina edonor da ondoetorria. “Momentuz aterpe bat eman diegu, eta ahal dugun neurrian lagunduko diegu. Batzuetan guk egingo dugu euren alde, eta beste batzuetan eurek gure alde”, adierazi du Alejandra Loizaga Aboitiz Busturialdeko Harrera proiektuko kideak.
Aurreko astean egin zuten lehenengo emanaldia (Le Havre); eguaztenean (otsailak 13) eskainiko dute bigarrena. Le Prenom (2012) komedia emango dute, 19:30ean.
Lehenengo saioa martitzenez egin bazuten ere, aurrerantzean eguaztenetan edukiko dute hitzordua, hamabostean behin.
Errefuxiatuei zuzendutako filmak emango dituzte Astran, hamabostero
Gehienak migrazioari eta giza eskubideei lotutako gaiei buruzko filmak izango dira, baina gogoeta hain sakonak planteatzen ez dituzten pelikula entretenigarri eta alaiak ere badira.
Jatorrizko bertsioan emango dituzte (gaztelaniako edo euskarazko azpitituluekin). Filma frantziarren zerrenda bat daukate, afrikarrak ere lortu gura dituzte, baina horiek bilatzea zailagoa dela aitortu dute antolatzaileek. Errefuxiatuei ondo pasatzeko edota entretenitzeko zerbait eskaintzea eta eroso sentitzea da helburua.
Era berean, zenbait balore eta elkarbizitzarako gutxieneko elementu edo tresna batzuk transmititzeko ere baliatu gura dute proiektua. “Modu eroso eta zeharkakoan” immigrazioa, arrazakeria, feminismoa, indarkeria matxista, haurren eskubideak, globalizazioaren ondorioak eta bestelako gaiei buruz gogoeta egiteko aitzakia ere bada. Horretarako, emanaldien ostean, solasaldian elkartuko dira.
Estanis Escribano de la Mar Astra Zinema Paradisoko ordezkariaren berbetan, lehenengo saioan oso gustura egon ziren, eta gai interesgarriak atera ziren, feminismoa, adibidez. “Errefuxiatuen gaia lantzen zuen filmak, eta euretariko batek bere esperientzia kontatu zuen. Pelikulan ikusten da herritarrek protagonista laguntzen dutela, eta berak bere istorioa kontatu zigun. Lagundu ziotenei oso eskertuta dagoela esan zuen”.
Harrera eskualdea
Eskribanok gogora ekarri duenez, beraien ikuspuntuak eta iritziak ezagutzeko esperientzia polita da, eta, modu berean, eurek hemengo ohiturez, arauez zein ikuspegiez jabetzeko ere topagune aproposa da. “Eurek bakarrik parte hartzeak ez luke zentzurik. Zinema gustuko duten denak gonbidatuta daude; hemen badago zaletasuna, eta jendeak eskertzen du jatorrizko bertsioan izatea, hemen inguruan ez baitago horretarako aukerarik”.
Busturialdea Harrera eskualdea izateko lehen pausoa urriaren 13an eman zuten. Asanblada orokorraz gain, lantaldeak zehaztu dituzte: salaketa eta komunikazioa, bilketa eta sukaldea, ekintza eta aisialdia eta osasungintza. Halaber, taldearen kezka nagusietako bat formakuntza eta enplegua dira, eta horretarako lanean hasteko konpromisoa dute.
“Lehen saioan oso gustura egon ziren, eta gai interesgarriak atera ziren”
Egunerokotasunean, bizimoduan dituzten alternatibak erakustea eta eskaintzea da ekintza eta aisialdi lan taldearen zeregina. Elkarbizitza eta kultur aniztasuna lantzen dituzte, hein handi batean. “Elkar ezagutzeko eta eurek gure gizartean eroso egoteko tresnak hartzeko balio dute aisialdian egiten ditugun ekintzek. Ez gara inor elkarri sermoiak emateko, baina bagara elkar laguntzeko”, esan du Loizagak.
Askotariko ekintzak
Urriaren 21ean autogestioa oinarri duen Bidehuts jaialdia izan zen egin zuten lehen ekintza. “Primeran” pasatu zutela dio Loizagak. “Euren egoera administratibotik aparte, dituzten kezka eta beharrizanak lantzen ditugu. Halaber, garrantzitsua da eurek gugaz nolabaiteko ideiak partekatzea, gizarte inklusiorako. Hemen ondo egoteko beharrezkoa da gure kultura edota gure baloreak ezagutzea”.
Proposatzen dieten denetarako prest daudela dio Loizagak: “Batzuk besteak baino gehiago, baina hori ere normala da; bakoitzak bere erritmoa dauka. Batzuk ez daude hemen denbora luzerako. Agian, pilak kargatzera etorri dira, eta hemendik hilabetera badoaz. Edo ez. Ez dute inongo konpromisorik hemen geratzeko, ezta gernikarrak izateko. Orain daude hemen. Eta ikusita euren egoera zelako ezegonkorra edo aldakorra den, ez dakigu noiz arte egongo diren”.
Zaletasunei buruz galdetu, eta kultur zein kirol ekitaldietan egon dira ordutik. Askotan, gainera, herriko talde eta elkarteen laguntza izan dute, ekintzak musutruk egiteko aukera izanda. Hortaz, horiengandik izan duten erantzuna nabarmendu eta eskertu dute antolatzaileek.
Esaterako, Gernika-Lumoko Bakearen Museoa bisitatu dute, Ogoñora eta Gaztelugatxera txangoak egin dituzte edota zestaren katedralera joan ziren Urriko Masterreko partiduak ikustera.”Uste genuen zesta, beharbada, ez zitzaiela interesatuko, baina asko gustatu zitzaien, eta ondo pasatu zuten”. Lekeition ere egon dira hango senegaldarrekin, eta Bermeoko senegaldarren kontra futbol partidua jokatu zuten Santanapen. Astelehenetan, berriz, herriko kuadrilla bategaz batzen dira euretako batzuk, futbolean aritzeko. Horrez gain, gaztelania ikasten dute EPAn. Halaber, kideetako batek herriko kultur etxeko pintura tailerrean parte hartzen du, eta izozki eta serigrafia tailerrak ere egin dituzte Astran.
Bertoko egonaldian beraien bizipenak ezagutzera emateko ere aukera eduki dute. Allende Salazar eskolako eta Seber Altube ikastolako ikasleekin egon ziren, eta hona etorri berritan, Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak antolatuta, hitzaldi batean parte hartu zuten Ean. “Herria ikusteko aprobetxatu zuten. Ia hogei egun zeramatzaten hemen, eta bertoko itsasoa ikusi zuten lehenengo aldia izan zen. Hondartzara joateko gogoa zeukaten, eta momentu berezia izan zen eurentzat”, zehaztu du Loizagak.
“Hemen ondo egoteko beharrezkoa da gure kultura eta baloreak ezagutzea”
Aurrerantzean ere errugbi eta saskibaloi partiduak ikustera joateko asmoa daukate, eta Lekuek jaialdian ere musikaz gozatzeko aukera izango dute.
Itzultzaile lanak
Harrera proiektuan askotariko herritarrak batzen dira: elkarte edo taldeetako kideak zein norbanakoak. Loizagak azpimarratu duenez, gainera, pertsona denak dira ondoetorriak. “Laguntzeko eta parte hartzeko modu eta aukera asko daude”.
Gainera, frantsesez dakitenak oso lagungarriak zaizkiela dio; izan ere, errefuxiatu gehienek ez dute gaztelaniaz hitz egiten. Gaur gaurkoz, bi pertsona dituzte itzultzaile lanetan.
Senegal, Kamerun eta Guinea Conakry urrun daude Gernika-Lumotik. Baina, bloke naranjan bizi diren hamabi afrikarrak gernikarrengandik zein eskualdeko bizilagunengandik hurbil sentiaraztea da Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Harrera proiektuaren erronka.