Landa bideen inbentarioa osatu dute Foruan
Forutarrek sei alegazio aurkeztu dituzte behin behineko dokumentua hobetzeko asmoz.
Dokumentuan herriko landa bide guztiak izendatu dituzte. Martitzenean egindako Foruko Udalaren azken osoko bilkuran, herriko bizilagunek Herriko Landa Bideen inbentarioari aurkeztutako kontsulta eta alegazioei erantzunak eman eta dokumentuaren behin betiko onarpena eman dute.
Foruko landa bideen lehen inbentarioagaz herriko bide nagusiak, ibilgailuentzakoak zein oinezkoentzakoak, zolatu gabeko bideak, antzinako gurdibideak, bidezidorrak edota bidexkak identifikatzeko eta dokumentatzeko lana egin dute. Domeinu Publikoko Ondasunen Inbentarioa, nekazal bideei dagokionez, Sendo S.L enpresari esleitu dio udalak. Bildutako datuak “herriko etorkizunerako planifikaziorako ezinbestekoak” direla azaldu dute.
“Gure bideek gure herriko historiaren mapa irudikatzen dute. Antzinako bizipenen bideak dira, bizi testigantzak batuz eta balio kultural handikoak. Inbentarioagaz bide hauen memoria berreskuratuko dugu, etorkizunera begiratzeko iragana ahaztu barik. Forutar guztiei zabalik egon da prozesua eta hauei euren kolaborazioa eskertzen diegu. Beraien testigantza ezinbestekoa izan da”, adierazi du Foruko Alkateak, Jane Eyre Urkietak.
Sei alegazio. Enpresak egindako dokumentua bi hilabetez egon da ikusgai udalaren batzorde aretoan. Hala, herritarrei inbentarioa aztertu eta zalantzak edota alegazioak aurkezteko aukera eman diete. Udalak azaldu duenez, guztira sei alegazio aurkeztu dizkiote behin behineko dokumentuari. Ez hori bakarrik, herritarrekin bakarkako kontsultarako bilerak burutu dira udalerriko alkateagaz eta Sendo enpresagaz batera.
Jakitera eman dutenez, aurkeztu diren alegazioen artean lau hartu dituzte kontuan. Halere, horiek “ez diete aldaketa handirik suposatzen hasierako onarpenari”. Beste bi alegazioak ukatu egin behar izan dituzte, “bertan agertutakoa ez zelako udalaren eskumeneko alorra”. Alegazio horien ebazpena enpresa eta udal korporazioaren artean egin dute, “aholkularitza juridiko egokiagaz”.
Alkateak azaldu duenez, Foruko bizilagunak “elkarlanean” aritu dira dokumentua landu ahal izateko. Horiek egindako lana bideen inbentarioa egiteko “ezinbestekoa” izan dela azpimarratu du. Sendo enpresari ere eskerrak emateko aprobetxatu du, beraien esfortsuek lana “asko erraztu dutelako”.