Lamiarango gunearen "egoera negargarria" salatu du Eguzki Talde Ekologistak
Konponketa lanetarako erabilitako tresnak eta material zaharrak kostaldean "botata utzi" dituztela salatu dute taldekoek.
Mundakako eta Bermeoko kostaldearen artean kokatuta dagoen Lamiarango guneak bizi duen egoera txarra salatu du Eguzki Talde Ekologistak.
Izan ere, “oraintsu” Barna enpresak Mundakan duen lantegiko hondakinen hodi biltzaileak konpondu dituela azaldu dute taldekoek. Konponketatarako erabilitako tresnak eta material zaharrak Lamiaranen “botata utzi” dituztela salatu dute.
“Balio ekologiko handiko” gunea errespetatu beharrean, Barnak “arduragabekeria eta desinteresa” erakutsi dutela uste dute: “kostaldea eta bere inguruak zabortegi batean bilakatu dituzte. Tamainu eta kolore guztietako hodien zatiak ikus daitezke, baita hodi biltzaileen konponketak bukatzerakoan kendu eta garbitu behar zuten kofratzerako materialak”. Nabarmendu dutenez, azken asteetako denboralekin hondakin horien “kopuru handi batek itsasoan bukatu ahal izan du, hainbat miliatara”. Gunearen egoera “negargarria” dela uste du taldeak.
Horrez gain, kofratze lanak egiterakoan erabilitako burdin barrak “agerian” utzi dituztela ere azpimarratu dute. Gunean aritzen diren arrantzaleentzako “arriskua” direla diote, “istripuak eragin” ahal dituztelako. Horregatik, enpresako arduradunei “hodiak ebaki” eta obrak “behar bezala bukatzeko” eskaera egin die.
Arrisku ekologikoa. Lantegiko hondakinen hodi biltzaileetatik itsasora isurtzen dituzten hondakinak direla-eta, “hilda agertzen diren hainbat itsas izaki” daudela nabarmentzeko aprobetxatu dute taldekoek. Egoera hori “azken hilabeteetan” zehar “aldizka” nabaritzen ari dira.
Ekologisten berbetan, “kutsatutako uren ondorioz” agertzen dira hildako arrain eta bestelako izakiak. Itsasora jaurtitako hondakin kimikoak “soda kaustikoa edo antzekoak” izan litezkeela uste du taldeak, “lantegiko gordetegiak garbitzeko” erabilitakoak. Arrain eta zefalopodoei kalte handiak eragin ahal dizkieten substantzia horiek “askotan” isurtzen direla diote.
“Gunearen egoera ikusita, inplikatutako instituzioei behingoagatik neurriak hartzeko” eskakizuna egin dute Eguzkikoek, “inoiz galdu behar ez zuen balio ekologiko eta edertasuna berreskuratu ahal izateko”.