Dantzen mugimenduagaz oroimen historikoa landu
Dunkerquen eman dute asteburua Ross dantza eskolakoek. Frantziako herri horretako K’Danses dantza elkarteko zortzi dantzarigaz batera, memoria lantzeko proeiktuan batean parte hartu dute.
Bi herrialde, bi kultura, bi hizkuntza, bi talde, bi bidai eta hainbat eszenario. Gerra sasoian erasotutako hiriak dira biak, Dunkerque Frantzian eta Gernika-Lumo Euskal Herrian. Memoria Hirien elkartearen barruan daude bai bata eta baita bestea ere. Eta anaitutako bi hiriren arteko proiektua izan da bien artean landu eta dantzatu dutena.
Gernika-Lumoko Ross dantza eskolako zuzendari Rosa Rementeriaren esanetan, esperientzia oso ona eta oso positiboa izan da berak eta bere ikasleek bizi izandakoa. «Hamarreko esperientzia izan da, elkarlan baten bitartez eta dantza eginez memoria historikoa lantzeko aukera eman digulako». Txikitatik ikasi dute dantza egitea ez dela mugitzea bakarrik, baizik eta adierazpide bat ere badela mugimendua. «Guk, gainera, gure historiako parte den zerbait adierazteko aukera izan dugu, dantzan».
Bonbardaketaren urteurrenerako. Gernikako 10 dantzarik eta Dunkerqueko zortzik parte hartu dute Frantziako dantza eskolak bultzatutako proiektuan. Gernika-Lumon eta Dunkerquen grabatu dituzte dantzen koreografiak, hiri bietako eszenario sinbolikoak erabili dituzte, eta emaitza otsailean jasoko dute.
Rementeriaren esanetan, ikasleei aukera hori emateagaz pozik dago. «Dantzaren bitartez adierazi dugu zerbait gertatu zela, gure historiaren parte den zerbait kontatu dugu», dio; baina halakoak amaitu direla ere transmititu nahi izan dute bi eskolek beraien dantzaren bitartez.
Gernika-Lumon, bonbardaketaren urteurrenean zabalduko dute dantza talde bien artean sortutakoa.