Gaztelugatxe batzen duen Lurgorri eta Ermuren arteko oinezkoentzako bidea konponduko dute
Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, dagoeneko berriztatze lanak egiten hasita daude, eta gutxienez otsailaren 28ra arte iraungo dutela aurreikusi dute.
Bermeoko Udalak egindako eskaria onartu ostean, Gaztelugatxerako Lurgorri atseden gunearen eta Ermuko bidearen artean dagoen oinezko bidea egokituko duela iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Izan ere, bide hori ibilgailuentzat itxita geratu zen Bermeotik Bakiorako bide berria egiteko lanen ondorioz. 1.000 metroko luzera duen oinezkoak ibiltzeko gunea Bermeo eta Bakio batzen dituen errepide zaharrean dago kokatuta.
Egingo dituzten lanen bitartez, Lurgorri eta Ermuren arteko asfaltoa birrindu egingo dute. Egokitze lan horiekin batera, bideari “itxura naturalagoa” emango diote.
Udalak jakitera eman duenez, atzo hasi ziren berriztatze lanekin, eta aurreikusi dutenez gutxienez otsailaren 28ra arte iraungo dute. Hortaz, egun horretara arte bidea itxita egongo da.
Gogoratu duenez, udalak joan den urtean Gaztelugatxeren inguruan aldundiak egindako proposamenari 50 alegazio baino gehiago aurkeztu zizkion. Irisgarritasun eta mugikortasunaren alorrei dagokionez, hainbat izan ziren egin zituzten eskaerak. Zehazki, alegazio horietariko bi Lurgorritik Ermurako oinezko bidea eraberritzea eta udalerriko Pergolako aparkalekua egokitzea izan ziren.
Idurre Bideguren Bermeoko alkatearen berbetan, “proiektu hauek Bermeoko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiaren artean egindako elkarlanaren ondorioz posible izango dira”.
Aukerak eta erronkak. Alkateak azpimarratu duenez, “Lurgorri eta Ermu arteko oinezkoen bidea berreskuratzea eta aparkaleku berri bat egitea behar beharrezkoak dira turismo jasangarriagoa lortzeko”.
Era horretara, “pausoz pauso” Gaztelugatxeko San Juanek eskaintzeko dituen aukerak aprobetxatu ahal izateko “proposatutako hobekuntzak errealitatea bihurtzea” lortzen ari udala.
Bukatzeko, udalak Gaztelugatxera doazen oinezkoen irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzerakoan edukiko duen erronka nagusia aipatu du Bidegurenek: “Bermeoko hirigunetik Gaztelugatxerainoko oinezko bidea egitea”. Amets hori errealitate bilakatzea lortu ahal izateko dagoeneko aldundiagaz eta Urdaibaiko Patronatuagaz “elkarlanean” ari direla nabarmendu du alkateak.