Ur zikinentzako araztegi aitzindaria jarri dute martxan Bedaronan
Ur zikinak modu naturalean tratatzeko aukera ematen duen eredua da. Araztegia eraginkorra eta inpaktu txikikoa dela azpimarratu du Iratxe Arriola Eako alkateak.
Lanen bigarren fasea amaituta, martxan dago Bedaronako ur zikinentzako arazketa gunea. Lehen fasean herriko kanalizazioa eta, bide batez, plaza eraberritu zituzten, eta bigarrenean araztegia eraiki eta martxan jarri dute.
Beharrizana zegoen herrian, eta beharrizan horri ur zikinak modu naturalean tratatzeko “aukera eredugarriagaz” erantzutea lortu dute.
Herritarren hondakin uren substantzia kutsatzaileak arazteko gainazalpeko hezegune motaren aldeko hautua egin du udalak. Hau da, ura gainazalaren behekaldetik doa, eta horrela, besteak beste, usainen gutxiago egotea eta intsektuak erakartzea saihesten du.
Bedaronako araztegia “aitzindaria, inpaktu txikikoa eta eraginkorra da”. Izan ere, Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago tamaina horretako araztegi ekologikorik; Bedaronakoa da tamaina horretako lehenengoa. Halaber, ingurumenean eraginik ez du sortzen eta modu eraginkorrean garbitzen ditu ur zikinak. Era berean, mantenu txikia dauka, eta energia kontsumorik ez du behar.
Abenduaren 27an inauguratu zuten araztegi ekologikoa. Kontzeptu ezezaguna da askorentzat, baina Europako hainbat herrialdetan hamarkadak daramatzate eredu horiekin. “Euskal Herri mailan ez daude horrelako asko. Inbertsio konbentzionalekin alderatuta, baxua meta mantenu errazekoa da, eta energia indar gabe funtzionatzen duena. Horrelakoak dezente daude munduan barrena, baina gurean ez dira ohikoak”, adierazi du Iratxe Arriola Alzola Eako alkateak.
Iratxe Arriola: “Araztegia mantenu errazekoa da, eta energia indar barik funtzionatzen du”
Araztegiak 200 bat biztanleren ur zikinak hartzen ditu. Hain zuzen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako handiena da. 147.000 euroko aurrekontuagaz egin dute, Busturialdeko Ur Patzuergoaren eta Eusko Jaurlaritzaren Itsaspen programaren finantzaketagaz.
Eako alkatearen berbetan, tokiko politika publikoek oinarrizko zerbitzuak bermatu behar dituzte, ura eta saneamendua, esaterako. “XXI. mendeak dakarzkigun erronken aurrean ezinbestekoa da modu global edo orokorrean pentsatu, eta tokian jardutea edo aritzea. Eta hori da Bedaronan egin duguna”.
80ko hamarkadatik munduko hainbat txokotan ezarrita daude halako sistemak. AEBetan, Irlandan, Norvegian edo Alemanian aspalditik dituzte, eta urrun joan barik, Nafarroan ere sistema hori erabiltzen dute.
Hala, ezagutza hedatzeak daukan garrantzia azpimarratu du alkateak, eta horrela, herri handi zein txikientzat “alternatiba erreala” bihurtu daitekeela deritzo. Inaugurazio ekitaldira inguruko alkate eta zinegotzi asko bertaratu zirela dio Arriolak, eta proiektua bertatik bertara ikusita, xehetasunak ezagutzeko aukera eduki zuten.
Jasangarriagoa
Ohiko araztegien aldean, makinaria edota ekipamendu konplexurik ez dute behar araztegi ekologikoek, eta, beraz, ez dute tekniko espezializatuen mantenimenduaren beharrik. Ondorioz, mantenimendu errazagoa eta merkeagoa dauka.
Asko dira eskaintzen dituen abantailak: ez dauka kontsumo elektrikorik, lanak hobeto egokitzen dira ingurura, biodibertsitatea laguntzen duen hezegune habitata sortzen du eta karbono aztarna gutxitzen laguntzen du.
Epe luzera, ohiko sistema industriala baino jasangarriagoa da. Araztegi naturala lortzeko hainbat sistema daude, eta Bedaronan “hezegune eraikuntzaren” aldeko hautua egin dute.
Hezegune artifizialak arazketa modu naturalak edo ekologikoak dira. Izan ere, hezegune naturaletan kutsagaiak kentzeko burutzen diren prozesu fisiko, kimiko eta biologiko berdinak gertatzen dira, baina kasu horietan modu kontrolatuan.
Iratxe Arriola: “Herri txiki zein handientzat alternatiba erreala bihurtu daiteke”
Udal arduradunek gogora ekarri dute udal kudeaketaren ardura ezeze, herritar guztien zeregina dela Bedarona zaintzea.
Komuna eta hustubideak ez direla hondakin ontziak nabarmendu dute. Ezin dituzte horietan isuritako zapi hezeak, medikamentuak, olioak eta janari hondakinak xurgatu. Egunero, ehunka kilogramo hondakinek buxadura izugarriak sortzen dituzte saneamendu sareetan, eta itsasoetako kutsadura dakarte, ezinezkoa da-eta hori guztiori araztea.
Tokiko saneamendu sarea
Orain arte Bedaronak ez du izan arazketa sistemarik, ez zeukan saneamendu sarerik, ez eta putzu septikorik ere, eta isurketak Ogellaren magalera zihoazen.
2015. urtean udalak tokiko saneamendu sarearen proiektua egin zuen, eta Busturialdeko Ur Patzuergoaren laguntza jaso zuen kolektorea egin zezaten. Hori da tokiko saretik araztegira doan hoditeria.
Hasieran, kolektorea Eako araztegiagaz lotzeko proiektua izan zuten esku artean, eta 2 milioi euroko lanak aurreikusi zituzten. Horrek Eako Udalarentzat gehiegizko kostua zeukanez, araztegi ekologikoaren proiektua egitea erabaki zuten.
ARAZKETA PROZESUA:
Hezegune artifizialak arazketa-modu naturalak edo ekologikoak dira. Izan ere, hezegune naturaletan kutsagaiak kentzeko burutzen diren prozesu fisiko, kimiko eta biologiko berdinak gertatzen dira, baina, kasu hauetan modu kontrolatuan. Bedaronako araztegirako gaina2.-zalpeko hezegune mota aukeratu dute etxeetako hondakin-uren substantzia kutsatzaileak arazteko. Ura gainazalaren behekaldetik doa eta horrek, intsektuak agertzea ekidin eta usainen sorrera txikiagotzen ditu.
- 1.- Arbastatzeko kanala. Araztegira iristen den ur zikinari aurretratamendu bat egiten zaio. Horretan koipeak eta bitsak kendu, eraman ditzakeen hondarrak kentzeko kanalean pilatu, eta, azkenik, hesi eta bahe bitartez solidoak kentzen zaizkio.
- 2.- Putzu septikoa. Ura putzu septikotik igarotzen da, eta hor disolbatutako solidoak dekantatzen dira. Hemen, bakterio anaerobioek solido horiek digeritu eta hartitzen dituzte, dagoen materia organikoaren erdia inguru deuseztuz.
- 3.- Hezeguneak. Kutxatila baten bidez, ur guztia bi hezegune artifizialetan banatzen da. Hartxintxarrezko substratua erabilita, batean lezkak eta bestean ezpata-belarrak landatu dituzte, hezeguneetako ohiko bi landare autoktono, hain zuzen. Substratu horrek eta landareen sustraiek hainbat onddo, bakterio, mikrobio eta beste organismo txiki batzuei bizilekutzat balio die, eta horiek guztiak materia organikoa eta kutsatzaile gehienak ezabatzen dituzte. Horrela, landareek deskontaminazioan laguntzen dute, eta oxigenoa ematen diote sistemari, funtzionamendua hobetuz.
- 4.- Hezegunea. Bi hezegune hauetatik ateratzen den ura tamaina handiagoko eta azken deskontaminazioa egingo duten landare dibertsitate handiagoko hirugarren hezegune batean biltzen da. Hezegunearen azken partean ura tratatuta dago, eta hor bi putzu txiki ikus daitezke. Putzu horietan algak, anfibioak, ur gaineko landareak, burruntzien larbak etab. bizi daitezke.