Alaine Agirre: "Barru-barruko sentipenetatik sortzen dira istorio sendoenak"
‘Kamisoi zuri zetazkoa’ nobela laburrean, pederastia kasu bat kontatzen du idazle bermeotarrak, 11 urteko neska baten begietatik; istorioa mingarria izan daitekeela dio.
Alaine Agirre (Bermeo, 1990) idazleak 2013an argitaratu zuen lehenengo lana, haur eta gazteei zuzenduta. Orduz geroztik, etxeko txikienentzako lanak sortzen jarraitu du. Bere azken liburuan, baina, berritasun bat dakar, nobela hutsa izan beharrean, eleberri ilustratua da eta.
Kamisoi zuri zetazkoa kontakizun ilustratua argitaratu berri duzu. Bertan, pederastia kasu batez ari zara. Zergatik erabaki duzu halako gai bat ardatz hartzea zure obrarako?
Gaia ez da hori zehazki, edo ez hori bakarrik. Protagonista 11 urteko neska bat da, haur bat. Gurasoek udako kanpamendu batera bidaltzen dute, ingelesa ikasteko, eta han, monitore bat, gizonezko helduago bat, neskato horrengan fijatuko da. Istorioa mingarria izan daiteke, batez ere, umeak inozentzia osoz kontatzen duelako istorioa, gertatzen denaren kontziente izan gabe. Pentsarazten duen eta sentiarazten duen literatura interesatzen zait niri, ez irakurri eta ordu erdira ahaztuta daukazuna. Pasiotik, ezinetik, barru-barruko sentipenetatik sortzen dira istorio sendoenak, iraunkorrenak, eta nirea ere halakoa izatea nahiko nuke.
Zer aurkituko dugu istorio horretan?
Nobela labur bat da. Bertan, kontatzen dut monitore horrek haurraren inguruan armiarma-sare bat nola hedatzen duen, eta umea, apurka-apurka, amaraun horretan nola endredatzen den, ohartu barik, harrapatuta geratzen den arte.
Umearen inozentzia horretaz baliatzen da predatzaile hori?
Halakoa izaten da predatzaile horien modus operandia: haurrak behatu, gabeziak dituen nor edo nor detektatu, harengana hurbildu, konfiantza irabazi. Gaiztoak izan arren ez dira ergelak, badakite noiz zer esan, noiz eman hurrengo pausoa… Horixe da narrazio honek kontatzen duena.
Orain bi urte idatzi zenuen kontakizunaren lehen bertsioa. Nola aldatu da istorio hori ordutik hona?
Istorioak badu berez dramatismoa, nik areagotu gura ez nuena. Horregatik, hasieran idatzi nuen bertsiotik kentzen eta kentzen jardun dut, kimatzen den arbola baten antzera, azkenean nik gura nuen itxura eduki arte. Aurreko nire liburuekin alderatuta, lehorragoa da estiloa. Beste batzuetan uholde baten oparotasuna zen edertasuna bilatzeko nire modua; orain, berba bakoitza neurtu eta pisatzen aritu naiz, parrafo bakoitza zehaztasunez idatzi dut, irakurleengan nahi nuen efektua lortzearren.
Nola erabaki duzu halako esperientzia gogorra kontatzea?
Berez ez duzu kontatzen «esperientzia» bat, zeuk asmaturiko fikzio bat baizik. Eta kontakizun honen berezitasunetako bat da, testuak berez gauza gogor edo dramatikorik azaldu ez arren, irakurlearengan ezinegon bat sortzen duela. Konparazio bat eginda, Bigarren Mundu Gerraren hasieran ume judu batek familia osoa tren batean sartu dutela kontatuko baligu modura da: ume horrek ez daki nora eramango duen tren horrek. Irakurleak, ordea, badaki, eta hemen ere antzerako sentipen bat sortzen da.
Gainera, kontakizunari ilustrazioen bidez bizitza eman diozu. Irakurlearengan eragin zuzena dauka horrek?
Marrazkiek edertu eta aberastu egiten dute istorioa. Ilustrazioek irakurketa paralelo bat egiteko aukera eskaintzen diote irakurleari, eta oso pozik nago lortu dudan emaitzagaz.
Duela gutxi beste liburu bat argitaratu zenuen, Oier. Nola konpontzen zara obra desberdinak aldi berean sortu eta landu ahal izateko? Elkarren artean elikatzen al dira modu batera edo bestera?
Garai ezberdinetan idatzitakoak dira biak. Nire kasuan, behintzat, obra bat idazten nabilela, horretara bakarrik daukat burua, ezin izango nuke beste batekin nahastu edo tartekatu. Gero, argitaletxeen beharragatik edo beste zerbaitegatik, posible da liburu biren argitarapena batera suertatzea, baina idazketagaz ez da hori gertatzen.
Durangoko azoka igaro da, euskal autoreei lanak aurkeztu eta zabaltzen laguntzeko gunea. Zer suposatzen dute halako egitasmoek zuretzat?
Azoka oso ekitaldi garrantzitsua izan da niretzat, betidanik. Txikitan gurasoek eramaten ninduten, eta ni txoratzen ibiltzen nintzen, liburuak ikusi eta ikusi, nahi beste erosten uzten ez zidaten arren. Gero, argitaratzen hasi nintzenean, oso gauza berezia izan zen stand-aren beste aldera pasatzea eta irakurleekin kontaktuan jartzea, oraindik oso ezaguna ez banintzen ere. Orain, urte batzuk pasata, azokan egotea nire beharraren parte bat da, baina gustukoa aldi berean. Han egon nintzen, hurbildu ziren erosle eta irakurleekin berbetan, eskatzen zidatenean liburuak sinatzen eta kazetarien galderei erantzuten.
Beraz, esperientza berezia da zuretzat.
Bai. Bereziena, dudarik barik, irakurleekiko hartu-emana da: idaztea zeregin bakartia da azken finean, baina, aldi berean, komunikatzeko desio bat dago, eta oso pozgarria izaten da zure berbak irakurleengana iritsi direla ohartzea eta haien berotasuna sentitzea. Ez dakit zenbat ale saldu diren zehazki, baina argitaletxean esan didate pozik daudela emaitzagaz; horrenbestez, neu ere konforme geratu naiz lortutakoagaz.
Zerbait duzu esku artean etorkizunerako? Zer nolako lana egitea gustatuko litzaizuke?
Oraintxe bertan ez daukat ezer esku artean. Sormen handiko urteak izan ditut, idazteari begira bizi izan naiz, eta orain, bolada batean, behintzat, uste dut beste zeregin batzuk tokatzen zaizkidala. Ez literaturari baizik bizitzari emana bizi nahi dut.