Bisiguaren ordez zapoa ekarri dute sanantonek
Bermeoko Kankinkabara Txistu Taldeko kideek kalejira egin zuten joan den eguenean.
Ohitura zaharrak mantentzeko asmoagaz, Kankinkabara Txistulari Taldeak beste urte batez kalejira egin zuen joan den eguenean San Anton eguna ospatzeko.
Hamaika txistulari batu ziren guztira iluntzean, eta portuzarretik aritu ziren Arrantzaleak esnatzen edota Kresaletan abestien doinuekin herria girotzen. Eguraldiak lagundu ez arren, gogo handiz ibili ziren Kankinkabarakoak.
Ohitura jarraituta, bisigua oinetara botatzen diete txistulariei, baina aurton tradizioak aldaketa txiki bat jasan du: bisigurik gabe geratu, eta horren ordez zapoa botatzea besterik ez zuten izan. Barre artean hartu zuten aldaketa, eta ostean Andeko tabernan afaltzeko batu ziren.
Bermeoko txistu taldekoak “pozik” daude eguenean lortutakoagaz. Euriaren ondorioz jende gutxi hurreratu zela diote, baina datorren urterako ere berriz “prest” egongo direla jakinarazi dute, sanantonetan kostako herriko tradizioak gogoratzeko.