Bermeoko Udalak hainbat neurri hartuko ditu biharko alerta laranjarengatik
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, alerta laranja biharko 00:00etatik 24:00era egongo da aktibatuta.
Gaur iluntzetik aurrera jarriko dituzte martxan segurtasun neurriak udalerrian.
Segurtasun Sailak prezipitazio iraunkorragatik kantauri isurialdean, elurragatik 800 metrotik gora eta nabigaziorako arriskuagatik aktibatu du alerta laranja biharko. Hori dela eta, Bermeoko Udalak segurtasun neurriak hartuko dituela iragarri du.
Esate baterako, gaur iluntzean ibilgailu eta oinezkoentzako sarrera debekatuta egongo da Bermeoko Portuan, Frantxun Atxetatik aurrera.
Bihartik aurrera, bestalde, Gaztelugatxeko San Juaneko, Arriboletarako eta Aritzatxurako sarrera debekatuta egongo dela iragarri du udalak. Neurri horiek alerta laranja bukatutzat eman arteko denboran ezarriko dituzte, hau da, biharko 00:00etatik 24:00era bitartean.
Prezipitazio ugari. Bihar euria etengabe aritzea aurreikusi du Segurtasun Sailak. Kantauri isurialdean 60 l/m² baino gehiago pilatu daitezke 24 ordutan eta ez da baztertzen 80 l/m² baino gehiago ere izatea. Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du, bereziki egunaren lehenengo partean; haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindi dezake haizeak eta gainontzeko tokietan, 80 km/h-koa.
Euskalmeten arabera, egunotan eguraldia erabat negukoa izango da. Denboralea gogorra izan daiteke, izan ere, hainbat aldagaiek (elurra, prezipitazioa, haizea, itsasoko egoera) eragindako egoerak muturrekoak izan daitezke.
Gaur iluntzetik aurrera itsasoaren egoera nabarmen zakartzea espero da. Izan ere, olatuek 5 metroko altuera gaindi dezakete. Gainera, marea biziak direla eta, kostaldeko kalteak ere nabarmenak izan daitezke eguazteneko itsasgoretan, bereziki goizaldekoan.
Kalteak saihesteko, honako neurriak hartzea gomendatu du Segurtasun Sailak:
- Ez ibilgailurik utzi ibaien ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.
- Kendu ibilgailuak ur putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
- Ahal baduzu, ez hartu autoa leku garaietara joateko.
- Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta ikusi ezinik bazabiltza, gelditu leku segururen batean.
- Irteerak mendira eta kanpoan antolatutako txangoak saihestu.
- Ez bainatu hondartzetan.
- Urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (haitz, kai-mutur, moila).
- Ez hurbildu itsas pasealeku, kai-mutur edo itsas labarretara. Uraren indar handiak eraman egin zaitzake.
- Edonola ere, jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.
- Ez joan ibilgailuz kostako errepideetan.
- Urpekaritza egitekoa bazinen, utzi beste baterako.
- Saiatu ontzirik ez erabiltzen, eta begiratu zurea ondo amarratuta dagoen. Ez egin uretako kirolik, ezta inondik ere.