Bermeoko Udalak Euskararen Erabilera normalizatzeko 6. plana onartu du
Juan Karlos Agirre Euskara zinegotziaren berbetan, planaren helburu nagusia euskararen erabilera “indartzea eta areagotzea" da.
Bermeoko Udalak 2018-2022 aldirako Euskararen Erabilera Plana onartu zuen aho batez abenduan udalbatzak egindako osoko bilkuran.
Plan hori “hizkuntza lidergoan, zeharkakotasunean, udalerriko euskararen erabileran eragitean eta euskararen kudeaketa, kudeaketa orokorrean txertatzean oinarrituta” dagoela eman dute jakitera Juan Karlos Agirre Euskara zinegotziak eta Aitziber Gabikaetxebarria Euskara teknikariak.
Euskara zinegotziak azpimarratu duenez, planaren helburu nagusia euskararen erabilera “indartzea eta areagotzea da, zerbitzu eta lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzun ahal izateko”.
Hala, udalak eta herritarrek edukiko dituzten harremanetan erabilitako hizkuntza euskara izatea “bermatu” gura dute, betiere “herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuta”. Gainera, euskara beste erakundeekiko harremanetarako lehen hizkuntza izatea eta administrazio barneko lan hizkuntza izatea ere nahi dute.
Euskara aktiboa. Agirreren berbetan, “plangintza berriak udalaren plan estrategikoarekin bat datorren planteamendua” dakar. Era horretara, “hizkuntza lidergoa indartu eta sustatzeko planteamendua barneratzen du planak”.
Aurreko plangintzan hasitako planteamenduaren “jarraipena” izango dela zehaztu du zinegotziak. “Udaleko eragile guztiek modu aktibo batean lan egingo dute planaren helburuak lortzeko, eta sail eta arlo guztietan euskara kudeaketa orokorraren dinamikan integratzen jarraitzeko”, azaldu du.
Agirrek dioenez, lan hizkuntzaren eta zerbitzu hizkuntzaren diagnostikoa egin du udalak, “Bikain ziurtagiriaren metodologia eta sektore publikoarena uztartuz”. Egoeraren azterketa hori egiteko, sei alor desberdinetan banatutako 37 adierazle hartu dituzte kontuan, eta udal langile eta ordezkarien parte hartzea izan dute.
Udaletik adierazi dutenez, “datu kuantitatiboak eta kualitatiboak” jaso dituzte. Lortutako datuek nabarmentzen dutenez, “euskara egoera onean” dago Bermeoko Udalean. Dena den, hobetzeko puntuak ere egon badaudela aitortu dute.
Aukerak eta indarguneak. Diagnostikoagaz udalak hizkuntzaren erabileran dituen indarguneak, aukerak, ahulguneak eta mehatxuak identifikatzeko lana egin du. “Modu horretan errazagoa izango da aurrera begirako lan ildoak zeintzuk izan behar duten identifikatzea”, esan du zinegotziak.
Bestalde, Gabikaetxebarriaren berbetan udalak alor horretan bizi duen “marko orokorra” ezagutu dute. Horrekin, urtez urteko kudeaketa planak egingo dituztela azpimarratu du, “sailetako arduradunekin adostuta”. Behin horiek adostuta “sailen izaera, euren eginkizunak eta bakoitzaren egoera aintzat hartuz” finkatuko dituzte datozen urteetako helburuak, “elkarlanaren bidea jorratuta”.
Aurreko plangintzaldian gertatu modura, sailen egitekoaren edo rolaren barruan egongo da euskara plan berria. “Erakundea osatzen dugun sail eta arlo guztiek daukagun euskararekiko erantzukizunaren ideia indartu gura da plangintzaldi berri honetan, eta oraingoan ere sailei eurei emango zaie erantzukizun nagusia planaren garapenean”, azpimarratu du teknikariak.
Kudeaketa planei dagokienez, horien helburua “euskararen erabilera indartu eta aurrerapausoak ematen jarraitzea” izango dela dio Gabikaetxebarriak. Indargune eta aukera asko badituzte ere, ahuleziak edo mehatxuak dauden alorretan lan sakonagoa egingo dutela jakinarazi du.
“Lankideen arteko ahozko harremanetan; laneko etengabeko prestakuntzan; herritarrekiko komunikazioetan; erakunde publiko, elkarte eta eragileekiko harremanetan; zerbitzu enpresa, hornitzaile eta kontratazio arloan, udalak ezarritako hizkuntza irizpideak betetzeko ahaleginetan; baliabide informatikoen alorrean; udalak eskaintzen dituen zerbitzuetan edo produktuetan euskararen presentzia areagotzeko” lanean ariko dira.
Gaineratu duenez, “jada emandako pausoak sendotzeko ahalegina egiten” jarraituko dute, eta aldi berean “aukera berriak sortarazten, bideratzen eta gauzatzen”.
Zinegotziak gogoratu duenez, Euskararen Erabilera Plana 2001ean martxan ipini bazen ere, “udalak 40 urteko ibilbidea du euskara normalizatzeko lanetan”. Ibilbide luze horretan zehar “euskarak udalean duen pisua eta emandako pausoak lorpen kolektiboa” izan direla nabarmendu du.
Eman diren aurrerapausoak “langileek eta arduradun politikoek egin duten lanari esker eta udalak erakutsi duen aitzindaritzari, kemenari eta prestutasunari esker” izan direla esanez bukatu du Agirrek.