Inork ez dauka ordezkorik
'Don’t be Dummy - Zuk ez duzu ordezkorik' egitasmoaren helburua gazteei bide segurtasunaren inguruan kontzientziatzea da.
Errepideak ez dira bideojoko bat. Lelo horrek berebiziko garrantzia hartzen du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak martxan jarri duen egitasmoaren barnean. Don’t be Dummy – Zuk ez duzu ordezkorik proiektu berritzaileak gaztetxo eta nerabeengana bide segurtasunaren, zirkulazio istripuen prebentzioaren eta gidatze arduratsuaren inguruan hausnarketa bat lantzeko helburugaz iritsi da.
Bigarren urtez egiten ari diren ekitaldi ibiltari hau Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako herri desberdinetatik mugitzen da, Dummy izeneko abatar birtualaren gidaritzapean. Izan ere, atzo Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan izan zuten hitzordua, udalerriko Eleizalde Ikastolako eta Arozena-Barrueta Institutuko DBHko eta Batxilergoko ikasleekin.
Ekitaldiaren arduradunek diotenez, “gazteria zirkulazio istripuak izateko arriskua areagotzen duten faktore multzo baten jabe da”. Faktore horien barnean kokatuta, esate baterako, talde presioaren eragina, exhibizionismoa edota autobaieztapena daude.
Gauzak horrela, asko dira alkoholaren edo drogen erangipean gidatzen duten gazteak. Ez hori bakarrik, gero eta sarriagotan kontuan hartu beharreko beste faktore bat ere nabarmentzen dute egitasmoko kideek: mugikorrek eragindako distrazioak. Gazteen %43ak aitortzen duenez, gidatzen duten bitartean whatsapp-a edota bestelako aplikazioak erabiltzen ibiltzen dira. Guztira, 2017an 20.376 zirkulazio istripu izan ziren Euskadin, 56 istripu egunero.
Testigantzak. Joera horiek ekartzen dituzten arriskuez kontzientziatzeko, egitasmoak hainbat bideo aurkezten die gazteei: alkohola eta bestelako substantziak gidatzearekin bateragarriak ez direla erakusten duen laburmetraia, trafiko istripuen ondorioak, Gurutzetako ospitalean errehabilitazioan ari diren pazieenteen bizimodua…
Halere, ez dira bideoetara soilik mugatzen. Are inpaktu gogorragoa eragiteko benetako testigantzak ere biltzen ditu egitasmoak. Bertan azaltzen zaigu adibidez Alaitz Arbillaren istorioa. Lau urte zituela amagaz autoan edukitako istripuaren ondorioz, gurpildun aulkian ibiltzera derrigortuta geratu da Arbilla.
“Nire txikitako lehen oroitzapena da istripua”, dio Arbillak. “Segurtasun uhalik gabe nindoan, eta ama zigarro bat hartzen ari zela kamioi baten kontra jo genuen”. Bere ama fisikoki ondo atera arren, psikologikoki oso minduta geratu zen. Arbillaren ustez, “bera izan zen istripuaren biktima nagusia”, baina “inork inoiz ez du biktima bezala hartu”.
Aurkezle birtuala. Testigantzen hurbilekotasunaz batera, teknologia berriez baliatu dira egitasmoaren arduradunak ekitaldi berezi eta berritzaile bat prestatzeko. Esan bezala, hiru dimentsiotan sortutako Dummy abatar birtual elkarreragilea da ekitaldiaren gidaria. Auto istripuetan pertsonek zer nolako kolpeak hartzen dituzten aztertzeko erabiltzen diren panpinen itxura dauka Dummy-k. Aurretik grabatutako bideo baten aurrean gaudela ematen badu ere, abatar horrek denbora errealean mugitu eta erantzunak ematen ditu.
Hori lortzeko, ordenagailu programa batez baliatzen dira: Dummy mugitzeko aginduak unean bertan ematen dituzte, eta bere ahotsa jartzeko arduradun bat dago. Modu horretara, ikasleekin zuzenean harremana edukitzeko aukera dute, gazteei galderak eginez eta beraien parte hartzea eskatuz, baita testigantzekin elkarrizketa txikiak eduki ere.
Hurbilekotasun horrekin gazteengan gehiago eragitea bilatzen dute. Leire Bereikua egitasmoaren errealizatzaileak aitortzen duenez, ohikoa da askotan gazteek arreta handirik jarri gabe entzuten aritzea. Hala ere, ekitaldiak aurrera jarraitzen duela, eta testigantzen edo Dummy-ren laguntzaz baliatuta, gazteak “egitasmoan murgiltzea” lortzen dute.
Egitasmoa gazteen artean balorazio ona jasotzen ari dela dio Bereikuak. Parte hartu duten gazteen %98ak bide segurtasunaren inguruan kontzientzia hartu dutela diote, eta prebentziozko neurriak hartuko dituztela aitortzen dute. Alor honek daukan garrantzia ikusita, proiektuagaz zerbait benetan beharrezkoa egiten ari direla ikusi daiteke, gazteengan eragin positibo bat lortuta.