Emakumeen parte hartzea nabarmenduz dator Bermeoko Herri Lasterketa
Domekan egingo dute, eta bildutako dirua Itsas Giza Salbamendurako gobernuz kanpoko erakundearentzat izango da.
Hamabosgarrenera heldu da Bermeoko Herri Lasterketa, eta kirol ekimen honen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek gaur. Domekan 11:00etan hasiko da, nagusien probagaz. Lameran hasi eta amaituko dute.
Irune Ormaetxea Bermeoko Udal Kirol Patronatuko presidente eta udaleko Kirol zinegotziak eta Jon Iturbe Taraska Gazte Zahar Taldeko ordezkariak eman dituzte probaren xehetasunak, gaur eguerdian Kultur Etxean egin duten agerraldian. “Garrantzitsua da kalean ospatzen delako eta herritar guztiek parte hartu ahal dutelako. Azken urteetan, erronka handia daukagu emakumeen parte hartzea gero eta handiagoa izateko. Hori lortzen ari garela erakusten dute, esaterako, iazko datuek”, zehaztu du Ormaetxeak. 760 korrikalari batu ziren iaz, eta horietatik %43,5 izan ziren emakumeak. Datua adierazgarria dela dio Kirol zinegotziak: “Emakumeek gero eta zaletasun gehiago dute korrika egiteko. Emakumeok ez ginen horrenbeste kalean kirola egitera ausartzen, eta ikusten da gero eta gehiagok parte hartzen dugula. Ez da bat-batean sortu den gauza; hamabost urteotan Taraska Gazte Zahar Taldeak korrika egitea denentzat aukera polit bat izateko lan handia egin du”.
Igor Markaidak egindako lasterketaren kartelak probaren beraren ezaugarriak laburbiltzen dituela esan du Iturbek: “Alaia, koloretsua eta anitza da. Edozein egoera eta adineko pertsonak partzeko moduko da”. Hain zuzen, gogora ekarri dute helburua ez dela lehiatzea, parte hartzea baizik, eta herritarrak ekimen herrikoi honetan parte hartzera animatu dituzte.
Adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izateko, zenbait distantzia daude:
- Nagusiak: 8 km (11:00)
- Gazteak (11-14 urte bitartekoak): 1.500 m (12:00)
- Umeak (7-10 urte bitartekoak): 800 m (12:10)
- Umeak (3-6 urte bitartekoak): 100 m (12:40)
Izen ematea. Bermeoko XV. Herri Lasteketan parte hartu gura dutenek Araneko kiroldegian izena eman dezakete, eta domekan bertan, 10:30ak arte izena eman ahalko da. Antolaketa lanak errazteko, aldez aurretik izena ematea gomendatu dute antolatzaileek. Herritarrek izena ematerakoan jasoko dituzte dortsalak. Baina, umeei eta gaztetxoei euren ikastetxeetan emango dizkiete zentro bakoitzeko arduradunek.
Lasterketa amaitu ostean, korrikalariek dutxatzeko aukera izango dute Araneko kiroldegian eta Artza frontoian. Urtero moduan, parte hartzaileei babesleek emandako opariak emango dizkiete.
Elkartasun proba. Izena ematerakoan, umeek euro bat ordaindu behar dute, eta nagusiek bi euro. Batutako dirua Itsas Giza Salbamendurako gobernuz kanpoko erakundeari emango diote. Bertako sorosleek, osasun arloko boluntarioek eta patroiek errefuxiatuei laguntzeko zereginean dihardute mediterraneoan. “Jon Garcia Andonegi bermetoarra da bertako kideetako bat. Lan erraldoia egiten ari dira”.
Bermeoko Kirol Patronatuko presidenteak proba egiteko daukaten herriko taldeen laguntza nabarmendu eta eskertu du. “Taraska Gazte Zahar Taldea eta Kirol patronatua gara antolatzaileok, baina, Izaro Bikers-ek, Herri Babesak, Gurutze Gorrial, herriko boluntarioek, udaltzainek zein udaleko zerbitzu langileek doan eta esker onez laguntzen digute, eta eurak barik ezin izango genuke lasterketa antolatu”. Era berean, babesleei ere esker ona adierazi die.
Denen laguntzari eta babesari esker herri lasterketa “gero eta indartsuagoa eta politagoa” edukitzea posiblea dela adierazi du.