Urtebete, kaleak aldarrikapenez betetzen
Busturialdeko pentsiodunek Bilboko manifestazioan parte hartu dute.
2018ko urtarrilaren 15ean Bilbon hasi zuten bideari tinko eusten diotela erakutsi zuten milaka eta milaka pentsiodunek atzo Bizkaiko hiriburuan. Hain zuzen, Busturialdeko pentsiodunak esaterako, astelehenero elkartzen dira Bermeon eta Gernika-Lumon.
Urtebetean lortutakoagaz harro eta pozik, baina, egiteko dagoenagaz kezkatuta daude, eta hori adierazi zuten atzoko manifestazioaren amaieran: “Aurten, mobilizazioen ondorioz lortutakoa ez da gauza handia izan, baina ez da gutxietsi behar. Pentsiodunen aldarrikapenak alderdi politikoen eta instituzioen agendan sartzea lortu dugu».
Izan ere, auzia ez da eurena bakarrik, gizarte osoari eragiten dio, egungo zein etorkizuneko pentsiodunei, eta hori argi eta ozen adierazi zuten hasiera-hasieratik. Hala, gizartea kalera ateratzea lortu dute, eta eztabaida politikoan eragin.
Confebask-en (Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalen federazioa) egoitzaren paretik atera ziren manifestazioan, eta udaletxe aurrean amaitu zuten. “Honekin salatu nahi dugu hainbat enpresa erakundek izugarrizko prekaritatean dituztela gizarteko hainbat sektore; batez ere, gazteak eta emakumeak. Argi esan nahi dugu: ez dago pentsio duinik soldata duin barik, ez orain, ez etorkizunean”, esan zuen Jospo Barrutiak ekitaldiaren amaierako agiria irakurtzean.
Apurka-apurka zerbait lortu arren, euren eskaeretatik urrun daudela gogora ekarri zuten atzo: “2018rako %1,7ko igoera lortu dugu; 2019rako, %1,6. Gutxieneko pentsioak bi urteotan %3 haziko dira, eta alarguntasun pentsioaren oinarri arautzailea %52tik %56ra igaro da 2018an, eta %60ra 2019an”. Bermea behar dugu urteroko pentsioaren igoera KPIaren arabera egingo dela beti, eta gutxieneko pentsioak 1.080 eurora igoko direla. Batez ere, emakumeenak izaten dira txikienak, alargunenak edo kotizazio gabeko pentsioa kobratzen dutenenak. Igoera horrekin, pentsioen arteko genero arrakala gutxitzen hasiko da».