Gernika RTk 5-27 galdu du Gaztedi RTren kontra
Lehen zatiaren eta bigarrenaren artean alde handia egon da Urbietan.
Emakumezkoen Euskal Ligako partidua hartu zuen Urbietak, atzo arratsaldean. 22 puntuko aldeagaz galdu arren, bi taldeen jokoa nahikoa parekoa izan zen.
“Partidu polita izan da hasieran, baina, uste dut minutuek aurrera egin ahala burua jaitsi dugula. Partidua hor eduki dugu. Hau gure zelaia da; hemen jokatzera ohituta gaude eta horrek gure alde izan behar luke. Eurek ez dute halako zelaia eta gauza horiek aprobetxatu egin behar ditugu”, azaldu zuen Maite Bilbaok.
Lehen zatiaren eta bigarrenaren artean alde handia egon zen. 0-7eko markagailuagaz joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta zortzi bat minutura lortu zituzten etxekoek euren bost puntuak; Nahia Goirienak egin zuen entsegua. Lau bat minutu beranduago, 5-12 jarri zen Gaztedi, eta handik hamar minutura beste bost puntu eskuratu zituen. Bigarren zatiaren 30. minutua bete berritan egin zuen partiduko azken entsegua talde gasteiztarrak. “Ikusten da gogoak badaudela, baina, gugan sinistu behar dugu. Bi taldeon artean ez da egon horrenbesteko alderik; uste dut markagailuak ez duela islatzen partiduaren egoera. Egia da eurek aldaketa gehiago egiteko aukera izan dutela, eta hori ere igartzen da”.
“Anbizio falta” azpimarratu zuen: “Egia da denboraldi honetan min hartutako asko edukitzen ari garela, eta horrek eragin digu. Baina, irabaztera atera behar gara, anbizio gehiagogaz. Ahal dugula kontziente izan, eta sinistu behar dugu. Akats txikiak askotan errepikatzen ditugu, eta horiek zuzendu behar ditugula badakigu”. Norberegan zein taldearengan konfiantza izatearen garrantziaz mintzatu zen: “Gugan konfiantza izatea falta zaigu aurten. Hori oso garrantzitsua da”.
Datorren asteburuan Donostian jokatuko dute, Bera-Beraren kontra. Normalean donostiarrei irabazten dietela-eta, oraingo honetan ere horrela izatea espero dute: “Gaztedi, Bera-Bera eta gu parekatuta ibiltzen gara. Normalean Donostian ondo jokatzen dugu. Nekatuta helduko gara, baina, ea min hartutako batzuk jokatzeko moduan dauden, eta partidua aurrera ateratzen dugun”.