Sokatiraren mundu ezezaguna
Guztien artean ezaguna den kirola izan arren, sokatira profesionalaren inguruan ezjakintasun bat dagoela uste dute Gaztedi Taldeko bermeotarrek.
Euskal Taldeek 2019ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa hasi berri dute, eta horretan buru-belarri ariko dira datozen hilabeteotan. Sokatiraren munduko lehia gogorretan esperientzia handikoak eta lorpen ugari lortutakoak dira Erika Julieth Rojas, Batirtze Ispizua eta Nestor Monasterio bermeotarrak.
Hirurak Laukizko Gaztedi taldeko sokatiralariak dira. Ibilbide oparoa daramate sokatiran, eta oraindik gogoan daukate irailean Lurmutur Hirian bizitako Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa.
Izan ere, sorterritik hain urrun gelditzen zaien herrialde hartan Gaztediko gizonezkoek taldekako brontzezko domina bat lortu zuten, eta emakumeek zilarrezkoa. Selekzio bezala, emakumeek brontzezko domina bat irabazi zuten, eta gizonezkoek zilarrezkoa.
Oso harro daude egindakoagaz, lur gaineko txapelketetan “beti maila handiagoa” ikusten delako. Rojasen berbetan, zailagoa da mota horretako txapelketetan aritzea. “Suitza edota Txinako neskek izugarrizko maila daukate, beraien herrietan liga eta txapelketa propioak jokatzen dituzte, eta hori igarri egiten da”. Horregatik, domina horiek guztiak etxera ekartzea are lorpen handiagoa dela uste du.
Monasteriok, bestetik, hain maila altuko lehiaketetan urrezko dominak etxera ekartzea “oso zaila” dela dio. Azken urteotan irabaztera ohitu dira Gaztediko sokatiralariak, eta horrek urrezko dominak etxera eramateko betebehar bat ezartzen die.
Urteak pasa ahala goian aritu izan diren arren, “beti irabaztea ezinezkoa” dela deritzote hirurek, baina brontzeak eta zilarrak lortzea “oso ondo” baldin badago ere, “arantza” bat daukate, urrerik barik gelditzeagatik.
Sentipen hori nabarmendu egiten da munduko beste herrialde askok sokatirarenganako duten jarrera ikusita. “Hemen jende gutxi batzen duen kirola da, baina beste herrialde batzuetan izugarrizko arrakasta dauka sokatirak”, azaldu du Ispizuak.
Baldintza gogorragoak. Munduko hainbat tokitan sokatirak futbolak beste zale ditu, eta horren ondorioz, harrobi indartsuagoak eta lehiaketa gehiago dauzkate herrialde horietan.
India, Zimbabwe edota Australian sokatira ezaguna da, eta bermeotarrentzako tristea da sokatirak hemen halako indarrik ez edukitzea. “Lagunei munduko txapelketan zenbat taldek parte hartzen duten azaltzen diedanean ez dute espero hain zaletasun handia egotea horrenbeste herrialdetan”, dio Monasteriok. Berak ere, profesional bezala tiratzen hasi arte guzti hori ezezaguna zuela aitortzen du.
Horretaz jabetzeko, hainbat selekziok dituzten tiralari kopurua ikusi besterik ez dago. Holandan, Suitzan edo Ingalaterran, esate baterako, sokatira profesionalean dabiltzan kirolari asko daude. Horrela, jendea eta kalitatea ziurtatzen dituzte.
Horrek hainbat abantaila ematen die Euskal Selekzioarekiko. Ispizuak dioenez, “oso gutxi” dira bertoko selekzioko sokatiralariak, eta horregatik beste baldintza batzuetan aritzera moldatu beharra daukate. Emakumeen kasuan, adibidez, Euskal Selekzioak Gaztedi Taldeko neskak ditu bakarrik.
Hori dela eta, beste euskal taldeek baino tiratzaile gutxiagogaz aritu behar izaten du Gaztedik txapelketan. Ez hori bakarrik, Gaztediko neskek maila denetan tiratzen dute, normalena maila bakoitzerako tiralari desberdinak edukitzea denean.
Ispizuaren berbetan, hala aritzea are txalogarriagoa da: “Ahal duguna egiten dugu, handicap bat daukagu alde horretatik”. Aurka dituzten baldintzak pertsona askorentzat gogorregiak izango lirateke, baina Ispizuak eta Rojasek “mundu txapelketa batean ikurrina igotzea” erronka pertsonal modura hartzen dute.
Herri kirolen artean. Mundu guztiak ezagutu eta noizbait praktikatu duen kirola bada ere, herritarren artean “herri kirol” modura hartzen dela uste dute Gaztediko kirolariek. Izan ere, sokatira herri kirolen federakundearen barruan dago. Ispizuaren ustez, sokatirak bere federazio propioa eduki beharko luke, eta hori lortzeko ahaleginak egiten ari dira dagoeneko.
Hala ere, herri kirol bezala hartzen denez, gizartean sokatiraren inguruan beste jarrera bat dagoela diote, eta ez dela merezi duen besteko seriotasunagaz hartzen: “Estigma sozial bat dago sokatiraren inguruan, jendeak kuadrillentzako kirol modura ezagutzen du. Herriko jaietan soilik ikus daitekeen kirola da askorentzat, eta ez zen hala izan beharko”.
Sokatirak munduan zehar bizi duen egoera “itzela” da, eta hori bertara hedatzea da hiru bermeotarren ametsa. Helburu hori lortzeko, gazteen artean sokatira sustatzeko lana egin beharko litzatekeela uste dute.
Sokatira profesionala herritarrengana helarazteko aukera bikaina izango da 2020an Getxon egingo den lur gaineko mundu txapelketa. Gaztedikoak gogotsu daude jokatzeko. Etxean dena emateko aukera eskainiko die, eta jendeak sokatira beste modu batera ikusteko baliatuko dute.