Bermeoko Bizikidetza eta Aniztasun planaren ekarpenak egiteko batzarra egin dute
Bermeoko Udala Eleizalde Ikastolako eta Ikastolen Elkarteko ordezkariekin bildu da.
Bermeoko Udalak, Ikuspegi, Immigrazioaren Euskal Behatokiagaz elkarlanean landu du Bizikidetza eta Aniztasun plana (2018-2021). Dokumentua joan den azaroan aurkeztu zuten, eta arduradunek ekarpenak jasotzeko irekia zela adierazi zuten.
Hausnarketa egiteko, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Iñaki Beitia Eleizalde Ikastolako zuzendaria eta Idurre Bideguren eta Benito Ibarrolaza Bermeoko alkatea eta alkateordea batu dira.
Batzarrean gogoratu zutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan atzerriko jatorria duten ikasleak eskolaratzeko orduan segregazioaren arriskua gainditzeko “hainbat neurri proposatu eta publiko egin” zituen Ikastolen Elkarteak joan den urteko urriaren 18an.
Proposamen horretan “udalek gai horretan duten eragina” azpimarratu zutela azaldu dute, “segregazio arriskua ez delako hezkuntzaren arazoa bakarrik, gizarte osoarena baizik”. Bermeoko Udalak hezkuntza eremuari buruzko proposamenak jasotzen dituen harrera plan integrala duela jakiterakoan “pozik” azaldu zen Ikastolen Elkartea, “eragile desberdinen parte hartzearekin egiten ari delako”.
Gero eta gehiagotan, ingurune berrira eta ikastola eredura egokitzeko premia eta beharrizan bereziak dituzten ikasleak etortzen direla nabarmendu zuten: “ikasle horiek gizarte eta eskolako komunikazio-hizkuntzak ikasi behar dituzte. Ikasleei hezkuntza arreta egokia zein neurritan ematen ari zaien arduratzen dio Ikastolen mugimenduari”.
Tellituren berbetan, “ikasturtean apur-apurka iristen diren eta gure hezkuntza sisteman lehenengo aldiz hasten diren ikasle horien eskola arrakasta lortzeko, eskola giro adeitsua sortu behar da eta ikasle horien sozializazioa sustatu behar dugu”. Hizkuntza curriculumera sartzeko “ezinbesteko tresna” dela kontuan hartuta, “eskolako hizkuntzak eskuratzeko prozesua optimizatu behar dela” adierazi zuen.
Bermeoko Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Planaren 2.4 puntuan jasota dagoen ekintza nabarmendu zuen Ikastolen Elkarteko ordezkariak hori lortzeko bide bezala, “jatorri atzerritarreko haurrengan euskararen ikaskuntza eta erabilera sustatzea” ahalbideratuko baitu. Tellituk hori “guztiz egokia” ikusten du, “bereziki planean agertzen den moduan egiten bada, hau da, ikastetxeekin modu koordinatu batean”.
Udalen inplikazioa. Atzerritar jatorriko ikasle eta familiei harrera eta arreta emateko prozesuak ere berebiziko garrantzia daukala azpimarratu zuen. Izan ere, Planak 2.2 puntuan jasotzen duen ekintza ere azpimarratu nahi izan zuen. Bertan azaltzen denez, “bizikidetzarako eta gizarteratzeko beharrezkoa den informazioa helarazi behar zaie iritsi berriei”.
Datu horien barnean ikastetxe bakoitzaren ezaugarriak zehaztu behar direla uste du ordezkariak. Ez hori bakarrik, “ikaslearen hizkuntz gaitasunak eta aurreko eskola ibilbidearen inguruko xehetasunak eta bere familiaren egoera ere zer nolakoa den ezagutu beharra dago”.
Era berean, Ikastola Mugimenduak adierazi zuenez, “udalek, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak izanda, harreman estu eta zuzen bat eduki beharko lukete Eskolatze Batzordeekin”.
Atzerritar jatorriko ikasle eta familiei harrera eta arreta emateko prozesuak garrantzi handia duela zehaztu zuen Tellituk, eta planeko puntu horrek hori ahalbideratzen duela.
Ekarpenekin jarraituz, Bermeon dauden atzerriko familiek euskal hezkuntza sistemaz eta Bermeoko ikastetxeez duten pertzepzioari buruzko azterlan bat prestatzea proposatu zuten.
Bizikidetza eta Aniztasun Planak ekarriko dituen onurak aipatuz bukatu zuen ordezkariak: “eskolak testuinguru anitzago baten erronka espezifikoei hobeto erantzuteko, kultur arteko harreman eta bizikidetza harreman positiboen ingurune bat eraiki behar da eskola ingurunetik kanpo”.
Gizarte hobeagoa lortzeko. Planagaz, udalak “gizarte justuago, berdintsuago eta kohesionatuago bat” lortzeko apustua egingo du. Hezkuntza Bizikidetza eta Aniztasun Planaren barnean aurkitzen den “arlo garrantzitsua” izanik, ikastolek plan horretan bere hausnarketa eta ekarpenekin parte hartu nahi izatea “guztiz positiboa” da udalarentzat.
Bidegurenek eta Ibarrolazak plana hobetzeko egin ziren ekarpenak eskertu zituzten. “Plangintza irekia” dela-eta, eragile ezberdinek egiten dituzten ekarpenak “aberasgarriak” direla adierazi zuten. Elkarlan horri esker “gizarte hobeago bat lortzeko” bidea jarraitu nahi dute.
“Kultura ezberdinen arteko gizarte baten aurrean aurkitzen gara, immigrazioaren fenomenoa ondo ulertu behar dugu, datuak ondo aztertu, aurreiritziak gainditu eta daukagun errealitatearen aurrean dibertsitate kultural handiko herri bat eraiki denon artean” esanez bukatu zuen alkateak.