Unai Martinez Badiolak (Urdaibaiko arraunlaria) Joseba Fernandezen deia jaso zuen Orion zegoela, eta ez zuen aukera pasatzen utzi nahi izan; aldagelan gogo berezia sumatzen du Kontxako bandera Bermeora eroateko.
Iban Martinez Badiola (Ondarroa, 1992) aurten iritsi da Urdaibaira. Bizitza osoa Ondarroa Arraun Elkartean egin ondoren, 2018a Orio Arraunketa Elkartean egin zuen. Iaz irabazi zuen TKEko lehen bandera, eta talde urdinagaz beste asko irabazteko gogotsu dagoela aitortu du.
Noiz eta nola jaso zenuen Urdaibairen deia? Zerk bultzatu zintuen Bermeo aldera joatera?
Denboraldia amaitu ondorengo oporretan nengoela jaso nuen Urdaibairen deia. Denboraldia amaitu berritan Orion geratzeko asmoa neukan, eta horrela jakinarazi nion Orioko entrenatzaile Jon Salsamendiri ere, pozik egon naiz-eta bertan. Baina Urdaibaiko deia hartu nuenean, zer egin behar nuen birpentsatu nuen, ondo hartu beharreko erabakia baitzen. Hausnartu ondoren, Bermeora joateko erabakia hartu nuen. Uste dut banderak irabazteko helburua lortzeko talde onenetakora etorri naizela.
Azken urteetan sailkapenaren gorenean dabilen taldearen deia jaso izanak zer suposatu du zuretzat?
Ilusio handia egin zidan Urdaibairen deia jasotzeak. Azkenengo urteetan talde onena ari da izaten, eta uste dut bertan arraun egiteko aukera edukitzea nahitaez aprobetxatu beharrekoa zela.
Nolako balorazioa egiten duzu Orion igaro duzun urteaz?
Orion asko ikasi dut. Neguko lana oso ondo joan zen, eta oso gustura egon nintzen, baina udan ez genituen lortu espero genituen emaitzak. Egindako lana ona izateak, baina emaitzik ez lortzeak halako sumin puntu bat laga zigun orokorrean.
Zelako taldea osatzen ari da Urdaibai?
Talde lehiakorra osatu dugula uste dut. Arraunlarien gehiengoak jarraitzen du taldean, beraz, esan daiteke taldearen bizkarrezurra mantendu duela Urdaibaik. Hiruzpalau aldaketa daude iazko taldeagaz alderatuta, baina ohikoa da denboraldi batetik bestera aldaketa horiek ematea, talde guztietan gertatzen da. Uste dut talde ona osatzen ari garela.
Ikusleek arrauna eta arraunlariak udan ikusten badituzte ere, hasita zaudete entrenamenduekin. Prestakuntzaren zein puntutan zaudete orain?
Negu aldean entrenamenduak luzeak, baina intentsitate baxukoak izaten dira. Astelehenetik barikura denbora gehiena gimnasioko lanera bideratzen da. Ergometroko lana eta pisuekin ariketak dira gehienak. Asteburuetan uretako lan saioak egitera ateratzen gara. Gabonak igaro arte domeketan ere jai egunak eduki ditugu, eta horrek aukera eman digu beste kirolen bat edo parrandatxoren bat egiteko. Orain, urtarriletik aurrera, lan eta lan egunero.
Maila pertsonalean eta talde modura, zeintzuk dira 2019rako helburuak?
Ligari dagokionean, bat datoz nire helburuak eta taldearenak: ahalik eta bandera gehien lortzea sailkapenaren gorenean egoteko. Horretarako, gogor egin beharko dugu beharra arraunlari guztiok. Beste alde batetik, iazko Kontxako estropadan gertatu zena ikusita, esango nuke aldagelan gogo berezia dagoela Kontxako bandera Bermeora eroateko.
Iaz irabazi zenuen lehen bandera TKE mailan. Oriok herriko bandera irabazi zuenean kanpoan zeunden, eta Bermeokoa irabaztean, berriz, traineruan. Zer suposatu zuten bi bandera horiek zuretzat?
Orioko bandera irabazi genuenean, herrikoa, oso berezia izan zen. Egun horretan ez zitzaidan egokitu traineru barruan egotea, baina, hala ere, oso berezia izan zen. Emaitzak ez ziren ari onak izateni, eta herriko bandera lortzeak ilusioa berriz piztu zuen bai taldean eta bai herrian. Bermeon irabazi genuena izan zen traineru barruan irabazten nuen TKE ligako lehen ikurrina. Pertsonalki pisu handi bat gainetik kentzea lortu nuen. Gaitz ikusten genuen beste banderaren bat lortzea, eta Bermeon irabaztea oso garrantzitsua izan zen niretzat.
Gorengo mailan herriko traineruan egin nuen denboraldia oso berezia izan zen. Lehen aldia zen niretzat TKE ligan arraun egiten nuena, eta, gainera, herriko traineruagaz
Ondarroako bandera 2 segundo eskasengatik eraman zuen Zierbenak. Zer sentitu zenuen herriko ikurrina TKE ligan irabaztetik hain gertu egonda?
Pena handia hartu nuen. Azkenengo luzera arte ez genuen sinistu irabazteko aukerarik edukiko genuenik, eta uste dut hori izan zela Ondarroako bandera ez irabaztearen arrazoietako bat. Estropada oso arraroa izan zela uste dut.
Ondarroa Arraun Elkarteagaz KAE 2 ligatik TKE mailara igo zineten, eta taldea mailan mantentzea lortu. Zu barruan zeunden urte horietan guztietan. Zelakoa izan da zure bilakaera KAE 2 ligan aritzetik gaur egunera?
Asko gozatu dut hasi nintzenetik gaur egunera arte, urtero talde ona edukitzeko zortea eduki dut eta. Antiguako Ama traineruan egin nuen lehenengo urtean, 2010ean, KAE 1 ligara igotzea lortu genuen, eta maila horretan hainbat denboraldi egon ondoren, 2016an, TKEra igotzea lortu genuen. Gorengo mailan herriko traineruan egin nuen denboraldia oso berezia izan zen. Lehen aldia zen niretzat TKE ligan arraun egiten nuena, eta, gainera, herriko traineruagaz. Hori gutxi ez, eta zortzigarren sailkatuta geratu ginen. Ederra izan zen. Pena bakarra Kontxako estropadetarako sailkapena ez lortzea izan zen, bazegoelako ilusio berezi bat. Ea aurtengo irailean Antiguako Ama Kontxako estropadan ikusten dugun!
Momenturik bereziena, zelan ez, Portugaleten 2016an TKE ligara igo ginen eguna izan zen. Urte oso ona izan zen
Eta iazkoa ere berezia izango zen, lehen aldia baitzen herritik kanpo arraun egiten zenuena.
Horrela da. Iazkoa etxetik kanpo arraun egiten nuen lehen aldia izan zen. Taldez aldatzen zarenean, bakarrik ez da herria aldatzen. Aldaketa asko daude: entrenatzeko lekua, entrenamendu moduak, jendea…
Zein izan da arraunean inoiz bizi izan duzun momenturik bereziena? Eta irabazi duzun banderarik kuttunena?
Momenturik bereziena, zelan ez, Portugaleten 2016an TKE ligara igo ginen eguna izan zen. Urte oso ona izan zen. Bi estropada ez ezik beste guztiak irabazi genituen, eta jendeak faborito argitzat jotzen gintuen. Herrian ere giro berezia igartzen zen. Horrek guztiorrek presioa sortu zuen guregan, baina ametsa lortzeko balio izan zuen. Inoiz ez ditut ahaztuko ez igoera lortu genuen urtea ez eta eguna bera ere. Eta banderaren bat aukeratzekotan, KAE 1 ligan irabazi genuen Ondarroako bandera izan zen. Herriko taldeagaz herriko bandera. Ez dago herriko taldeagaz herriko bandera irabaztea modukorik. Egun borobila izan zen.
Zer eskatuko zenioke urte berriari?
Estropadak irabazteko lehian egotea eta garaipenak lortzea eskatzen dot 2019ari. Guk gure aldetik hori lortzeko ahalegin guztia egingo dugu.