Heineken Ligako 2019ko lehen partidua etxean jokatuko dute basurdeek
2019a etxean jokatuz hasiko dute basurdeek. Heineken Ligan 14. jardunaldia dute jokoan asteburuan, eta Gernika Rugby Taldeak SilverStorm El Salvador Valladolideko (Gaztela eta Leon, Espainia) taldea hartuko du Urbietan. Domekan 12:00etan hasiko da partidua.
Neurketa zaila izango da etxekoentzat. El Salvador aurkari gogorra da, eta Ohorezko Mailaren sailkapenean hirugarren postuan dago, 48 puntugaz. Orain arteko hamahiru jardunaldietatik bederatzi irabazi, eta bina galdu eta berdindu ditu.
Talde gernikarrak, berriz, bi partidu irabazi eta 11 galdu ditu, eta sailkapeneko azkenengo postuan dago, 14 puntugaz. Zortzi puntura ditu Complutense Cisneros, Hernani CRE eta CR La Villa.
Puntu gosez eta garaipen beharrean daude basurdeak. 2018a galtzen agurtu zuten, ordiziarren kontra. 55-22 nagusitu zen Ampo Ordizia RE Altamiran, abenduaren 23an. Aurretik, bigarren itzuliko lehenengoa eta 2018ko etxeko azken partidua izan zen partidua 29-39 galdu zuten Independiente Rugby taldearen kontra.
Emakumezkoen taldea. Emakumezkoen Euskal Liga azken txanpan sartu da, eta urteko lehen hitzordua etxetik kanpo dauka Gernika Rugby Taldeak. Domekan La Unica RTren kontra jokatuko du, Logroñon (Errioxa). Talde nafarraren eta talde gernikarraren arteko norgehiagoka 11:30ean hasiko da.