Kanporaketa fasean, Galatasarayren kontra galduta agurtu du Eurokopa talde gernikarrak. Lointek Gernika Bizkaiak
84-69 irabazi zion iazko Eurokopako txapeldunari, etxeko partiduan. Baina, atzoko bueltako partiduan 15 puntuko errenta hori gainditu zuten turkiarrek. Hain zuzen,
76-58ko emaitzagaz eskuratu zuen garaipena etxeko taldeak. Gernika-Lumoko taldearentzat ez zen partidu erraza izan, baina, hutsegiteak hutsegite, bere izaerari eutsi eta
amaiera arte borrokatu zuen.
Azken unean luzapena lortzeko aukera izan zuten, baina, Dietrick-en hirukoa ez zen sartu.
Hasierako jokaldietan ez asmatzeak eragin zuzena eduki zuela adierazi du Mario Lopez entrenatzaileak: “Ez gara hasi beharrezkoa zen intentsitateagaz jokatzen, eta esperientzia ezak eragin digula uste dut. Eurek, ostera, hasieratik oso erasokor jokatu dute, eta ideiak argi edukita. Guri zelan min egin jakin dute, eta hasi eta bi minutura 10-0 partziala egin digute. Eta azken minutuetan ez dugu zorte askorik eduki”.
Galatasarayk erasoan, soseguz eta konfiantzaz jokatu duela esan du, eta bere taldean zenbait unetan talde lanaren falta igarri zuen Lopezek. Haren berbetan, “markagailuko aldea murrizten saiatu arren, momentu batzuetan, talde lan falta ikusi zen”. Halaber, eurek 13-15 puntu baloi galtzeen ondorioz lortu zituzten turkiarrek.
Denboraldi historikoa. Bigarren urtez, EuroCup Women Txapelketa lehiatu, eta denboraldi honetan historia egin du Gernika-Lumoko taldeak. Hasiera bikaina eduki du bai ligan, eta bai Eurokopan.
Argazkia: Gernika KESB.
Final zortzirenen atarira heldu dira Europan. Egindako ibilbideagaz pozik dago Lopez, eta
jokalarien lanagaz eta egindako esfortsuagaz oso harro.
Bigarren urtean jokatutako taldeen kontra lan txukuna egin dutela uste du, eta esaterako, Galatasaray estu hartu izana azpimarratu du. Klubarentzat zein Bizkaiko saskibaloiarentzat beste pauso eman dutela zehaztu du. Hartu duten esperientzia, datozen hitzorduetarako baliagarria izatea espero du.
Bihar, liga. Eurokopa ahaztu, eta ligara eta Erregina Kopara begira dago taldea. 15. jardunaldian, Valencia BCren kontra jokatuko du bihar, 19:15etatik aurrera.
Orain arteko emaitza onei eustea da erronka. Orain arte, Dia Ligan 11 garaipen eskuratu ditu; aurreko astean lortu zuen azken garaipena Sant Adriaren kontra, etxean (76-71). Emakumezkoen Ligaren sailkapenean
hirugarren postuan dago Lointek Gernika Bizkaia, 25 puntugaz.
Bi puntura ditu Spar Citylift Girona liderra eta Perfumerias Avenida bigarrena.
Erregina kopa. Otsailaren 28tik martxoaren 3ra
Gasteizen jokatuko dute Erregina kopa, eta datorren astean egingo dute zozketa. Martitzenean (urtarrilak 15) Artiumen egingo dute zozketa, 12:30ean.
Zortzi talde ariko dira titulua lortzeko lehian: Lointek Gernika Bizkaia, Spar Citylift Girona, Perfumerias Avenida, Cadi La Seu, Valencia Basket, IDK Gipuzkoa, Nissan Al-Qa?zeres eta RPK Araski.