Mundakako Udalak berdintasunerako lehenengo plana onartu du
Emakume eta gizonen arteko lehenengo berdintasunerako planagaz gizartearen diagnostikoa egin du udalak, era horretara “ezagutu eta jardun ahal izateko”.
“Berdintasunik eza gizartean arazoa eta errealitatea” dela aldarrikatuz jarri dute martxan plan berri hori. Eratu duten dokumentua “herriko benetako egoeraren analisiaren ondorioa” dela azaldu dute, eta horren bitartez “berdintasun gaian martxan jartzeko jarduerak batu”nahi dituzte.
Aitor Egurrola Mundakako alkateak nabarmendu duenez, “gure gizartearen errealitateak emakume eta gizonen arteko parekotasun ezaren aurrean esku hartu eta aktiboak izan behar garela agertzen digu”. Alkateak argi dauka udalerrian “guztien artean errespetuzko, enpatiazko eta kontzientziazioko elkarkidetza lortu ahal dela”.
Elkarkidetza hori lortzeko asmoagaz sortu dute berdintasunerako lehenengo plana. Dokumentu hori jarraituko duen “bide orria” izango dela adierazi du Egurrolak. Hala, udalaren “jardueren ardatza” bihurtuko da, “gizarte askea eta gizabidetsua defendatzen dugulako”.
Helburuak. Planak markatu dituzten arlo bakoitzeko helburuak ezartzen ditu: Gobernu ona, Emakumeen ahalduntzea, Ekonomiak eta gizarte antolamendua eraldatzea eskubideak bermatzeko eta Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak.
Gobernu onaren barneko helburuei dagokienez, berdintasunaren aldeko planifikazioa eta kudeaketa areagotzea eta hobetzea, estatistiketan eta azterlanetan genero ikuspegia txertatzea, komunikazioan berdintasuna sustatzea hizkuntzaren eta irudien erabilera inklusiboa eginez eta kontratu, diru laguntza eta hitzarmenetan berdintasunerako klausulak sartzea landu dute.
Emakumeen ahalduntze arloan, bestetik, gure gizartean dauden estereotipoak eta aurreiritzi sexistak gainditzeko sentsibilizazioa eta emakumeen genero kontzientzia eta autonomia garatzea sustatuko dute.
Ekonomiak eta gizarte antolamendua eraldatzea eskubideak bermatzeko ardatzean zainketa bizitzaren jasangarritasunerako ezinbesteko baldintza dela sozialki onartzea landuko dute.
Bukatzeko, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen barnean emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa sustatzea eta finkatzea eta emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta integrala bermatzea izango da udalaren helburua.
Planak, helburu horietan oinarrituta, 34 jarduera ezarri ditu guztira. Horien artean, udal aurrekontuetan urtero diru kopuru bat planerako gordeko dute, kontratazio eta diru laguntzetan berdintasunerako klausulak gehituko dituzte edota sexu indarkeriaren aurrean erakundeen erantzun publikoaren protokoloa landuko dute.
Aurretiazko diagnostikoa. Plana eratzerako orduan, udalak emandako lehen pausoa “aurretiazko diagnostiko bat egitea” izan dela argitu dute udaleko arduradunek: “Diagnostiko hau herriko agente sozialei egindako elkarrizketa sakonetan oinarritu da, baita iritzi azterketetan edota idatzizko dokumentu ofizialen analisian ere”. Diagnostikoa egiterakoan herritarren partaidetza ezinbestekoa izan dela adierazi dute, eta burututako dokumentua “teknikoki, politikoki eta herri mailan egiaztatu” direla ziurtatu dute.
Berdintasunaren inguruan dauden “benetako beharrizanen mapa” bat sortzea ahalbideratu du aipatutako diagnostikoak. Horrela, plana prestatu ahal izateko jarraitu beharreko ildo estrategikoak eratu ditu udalak.
Diagnostikoa erreferentzia bezala hartuta, Mundakako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Plana EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 7. Planaren irizpide eta lan egiteko estrategietan oinarritzen dela azaldu dute. Planak lau urteko iraupena izango du, 2019tik eta 2022ra artean egongo da indarrean.