Enrike Zubia margolariak bere obretan denetariko arlo eta paisaiak erretratatzen baditu ere,
itsasoa eta bere inguruan sortzen den bizimodua izaten dira bermeotarrak margotzeko gustukoen dituen gaiak.
Beste urte batez, bere jaioterriko Nestor Basterretxea aretoan margolan erakusketa ikusgai jarri du Zubiak. Guztira
42 koadro bildu ditu margolariak. Bildumako obra gehienak joan den urtean margotzen joandako berritasunak diren arren, urte asko dituzten margolanak batzea ere lortu du Zubiak. Izan ere, duela lau hamarkada baino gehiago sortu zituen obrak jarri ditu ikusgai aretoan.
Horietako batzuk aspaldi saldutakoak direla azaldu du margolariak: “Erakusketarako koadroak uzteko eskatu diot erosleari. Horrela jendeak nire lan zahar zein berriak ikusi ditzake. Urteetan zehar margotzeko moduak eduki dituen aldaketez ohartzen zara horrela. Gainera, ilusioa egiten du orain urteak saldutako lanak berriz ikustea”.
Herriko bizimodua. Modu horretara, hainbat urtetan ikasi eta bizitako ohiturak eta bizimodua isladatu ditu bere obretan. Bermeo eta inguruetako paisaiak dira margolariak jorratu duen gai nagusia, baina era berean,
herriko antzinako bizia ere azaltzen du.
Gaztetatik itsasoan lanean aritutakoa da Zubia, eta hori erakusketa ikusten hasterakoan argi geratzen da: emakumeak portuan arrainak zestetan pilatzen, arrantzaleak beraien ondoan lanean ari direla agertzen dira bere koadroetan, besteak beste.
“Nik gehien ezagutu dudana da itsasoko bizimodua. Agian baserri batean jaiotakoa izango banintz horrekin ariko nintzen. Horren inguruan margotzea ere gustatzen zait, baina halako erakusketak egiterakoan jendea erakartzea bilatzen duzu. Egia esan, hori lortzea errazagoa izaten da kostako bizimodua ardatz hartuta”, dio Zubiak.
Lanak saltzerako orduan koadroen tamainak ere berebiziko garrantzia duela nabarmendu du: “jarri ditudan koadro handienen tamaina egokia zen orain dela urte batzuk, baina etxean sartzeko lan txikiagoak nahi dira orain”.
Margotzerako orduan, koadro gehienak
olioagaz lan eginez sortzen ditu, baina
akrilikoa ere erabiltzea gustatzen zaiola dio, beste era bateko lanak sortzeko aukera ematen baitio. Ez hori bakarrik, akrilikoagaz azkarrako lan egin ahal du, eta horrek bere abantailak dituela uste du, “olioagaz askotan koadroari gauzak gehitu eta gehitu ari zara-eta”.
Argitu duenez, erakusketan beste arlo nagusi bat sartzen saiatu da. Emakumeak gizartean jokatzen duen rola aldarrikatzeko lanak ikusgai jartzeko asmoa izan arren, azkenean albo batera utzi behar izan du. “Bermeon berriz erakusketa bat egiten dudanean jartzen saiatuko naiz”.
Zubiaren erakusketa
igandera arte egongo da ikusgai, eta sarrera doakoa da. Gaurtik zapatura arte 19:00etik 21:00etara bitartean egongo dira irekita aretoko ateak. Igandean, berriz, 13:00etatik 15:00etara gozatu ahalko da Bermeoko ondarea isladatzen duten margolanetaz.