Errepideen foru sarea osatzen duten lau kontserbazio aldeetan bide zoruak berriztatzeko lanak egingo dituela iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak iragarri duenez,
guztira 2 milioitik gora inbertituko dituzte kanpaina horretan.
Sollubetik doan BI-631 errepidea.
Lan horien barnean, hain zuzen ere, Bermeo eta Meñaka batzen dituen
Sollubeko BI-631 errepidea aurkitzen dela jakinarazi dute. Joan den urteko ekainean Bermeoko Udalak errepide hori konpondu eta berriztatzeko
eskaria egin zion aldundiari, horren egoera konpontzea “ezinbestekoa” zela azpimarratuz, “egoera txarrean” baitago udalaren iritziz, eta hori egitea “segurtasuna bermatzeko derrigorrezkoa” dela uste dute.
Pradalesen berbetan,
“2019ko martxoan eta apirilean” egingo dituzte jarduketa guztiak, “betiere, eguraldia kontuan hartuta, zoruan lan egin ahal izateko ezinbestekoa baita euririk ez izatea”.
Bi proiektu. Diputatuak azaldu duenez, bide-zoruak 2019. urtean berritzeko kanpaina bi proiektuk osatzen dute. Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak Bizkaiko foru sarea zaindu eta garbitzeko eta sarean segurtasuna bermatzeko egiten dituen kontserbazio lanen barnean dagoen jarduketa bat da.
Bi proiektuek izango duten
inbertsioa zehaztu dute aldunditik. Lehenengoak 1.205.000 euroko inbertsioa edukiko du, eta besteak beste, BI-631 errepideko 25+000 KPtik 27+000 KPra gauzatuko dute. Bigarren proiektuak, aldiz, 797.000 euroko inbertsioa izango du, eta aipatutako errepideko 27+800 KPtik 29+480 KPra egingo dute, beste errepide batzuen artean.