Sei podium lortu dituzte atletek Zornotzako nazioarteko krosean
Lea-Artibai eta Busturialdeko ordezkaritza zabalak parte hartu zuen domekan lehiatu zen 65. Zornotzako Nazioarteko Krosean, eta emaitza onekin itzuli ziren etxera kirolariak. Maila desberdinetako korrikalariak aritu ziren lokatz artean lasterka. Txikia...
05.44 denbora eginez, kadete mailako garaipena lortu zuen Izaro Aranburu Rementeria aulestiarrak (Durango Kirol Taldea), eta Jonan Bilbao Omaetxebarria markina-xemeindarra (Durangaldea Running) gazte mailako hirugarren postuaren jabe egin zen. Bigarrenarengandik segundo bakar bateko aldeagaz sartu zen Zornotzako helmugan, lasterketa 16.22 denboran osatuz. «Pozik» dago kirolaria. Izan ere, hiru lasterketetan parte hartu du Gabonetan, eta hiruretan oso ondo joan zaio. Urtarrilaren 4an pista estaliko Euskadiko Txapelketan parte hartu zuen, 3.000 metroko proban, eta bigarren postua eskuratu zuen, eta Markina-Xemeingo San Silbestrean ere bigarren gelditu zen.
43 atleta
Gernika Atletismo Taldeko 43 neska-mutilek ere parte hartu zuten ospe handiko proban. Maila ezberdinetan aritu ziren atletak, eta lau podiumetan ere sartu zen talde gernikarra. Erik Bilbao hirugarren sailkatu zen 16 urte azpiko kadeteetan, Oier Unamunok zilarra lortu zuen alebinetan, eta Jon Zugazaga eta Oier Iza bigarren eta hirugarren geratu ziren, hurrenez hurren, txikien mailan.
Bestalde, Mustapha Hejjou muxikarrak emaitza ona eskuratu zuen; «meritu handiko bigarren postua paralinpikoen lasterketan». Urteetan Gernika Atletismo Taldean ibili izan da, baina orain Saiatu egokitutako kirol taldeagaz dabil.
Paralinpikoen proban parte hartu zuten bai eta ere Joseina Malvido eta Jon Revuelta ondarrutarrek eta Josu Lekunberri mutrikuarrak.