Busturialdeko Udalek, horien artean Bermeo eta Gernikako Udalek, eskualdeko garapen agentzien bitartez,
enpresentzat diru laguntza linea bat eratu dute kontratazioak gauzatzeko. Laguntza horien helburua
enplegua sustatzea da eta, era berean,
eskualdeko garapen ekonomikoa indartzea.
Eskualdeko enpresei bideratutako
aurrekontu osoa 125.762,29 eurokoa da, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak argitaratu duen laguntzaren bidez.
Bermeoko Behargintza. Argazkia: Bermeoko Udala.
Argitu dutenez,
kontratuek gutxienez 3 hilabeterako izan beharko dute eta edozein kontratu mota erabili ahal izango dute laguntzak eskatzen dituztenek, prestakuntza eta ikasketa kontratuak izan ezik. Kontratuak
lanaldi osorako edo gutxienez %50eko lanaldi partzialekoak izan beharko dira eta kontratatzen den pertsona Lanbiden enplegu eskatzaile gisa izena emandakoa izan beharko dela zehaztu dute.
Lanaldi osoko eta sei hilabete edo gehiagoko kontratuek,
gehienez 6.000 euroko diru laguntza jaso dezaketela jakitera eman dute, beti ere jasotako laguntza soldataren kostuaren %75a baino txikiagoa bada.
Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, diru laguntza lanaldiaren edo lan egindako denborarekiko proportzionala izango da. Diruz lagundutako kontratuak 2018ko ekainaren 14tik 2019ko ekainaren 30era artekoak izango dira. Dena den, kontratuak 2018ko ekainaren 14tik 2019ko martxoaren 1era bitartean gauzatu beharko dira.
Eskabideak egiteko epea. Jakitera eman dutenez, diru laguntzak jaso ahal izateko eskabideak aurkezteko epea
2019ko martxoaren 22an bukatuko da. Eskabideak Gernika-Lumoko Lanbide-Ekimenak bulegoan aurkeztuko beharko dituzte eskatzaileek. Agiri guztiekin batera egin beharko dute eskaria,
astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara bitartean.
Bestalde, informazio gehiago eskuratu nahi duenak, Bermeoaldeko Behargintzan edota 966 17 91 90 telefonora deituta eta Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak agentzian edota 946 25 57 58 telefonora deituta kontsultatu dezake.