Sukarrietarrek jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua izango dute
Mundakako eta Sukarrietako Udalek Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua partekatuko dute sinatuko duten hitzarmenaren bitartez.Mundakan, martitzen guztietan eskaintzen dute zerbitzua. 10:00etatik 11:00etara bitartean eta 18:00etatik 19:00etara bitar...
Mundakan, martitzen guztietan eskaintzen dute zerbitzua. 10:00etatik 11:00etara bitartean eta 18:00etatik 19:00etara bitartean, Kontsultategian. Familia medikuaren edota erizainaren gomendioak jarraituz, mundakarrek eta sukarrietarrek ohiturak aldatzeko eta jarduera fisikoa erregulartasunez egiteko aholkularitza, gida eta laguntza jaso ahal izango dute.
Mundakako udal kirol teknikariak eskainiko du zerbitzua, Osakidetzako mediku zerbitzuak koordinatuta. Sedentarismoa murriztea da udalen helburua, eta aldi berean ohitura onak hartzeko laguntza ematea: «Jarduera fisikoak onura asko dakartza, mugimenduetan segurtasuna eta autonomia eskainiz eta buruko egoera, emozionala eta soziala hobetuz».
Baldintza berberak
Zerbitzua partekatzeko hitzarmena «laster» sinatuko dutela nabarmendu dute udaletako ordezkariek. Hitzarmenagaz, Sukarrietako bizilagunek laguntza horiek «egun berean eta baldintza beretan» jaso ahal izango dituztela azaldu dute. Hitzarmenak urtebeteko epea edukiko du, eta epe hori luzatzeko aukera egongo da, zerbitzuak iraun bitartean. «Hitzarmen honi esker gure herritarrek hobeto bizitzen ikasteko zerbitzua izango dute eskuragarri, gizarte osasuntsu eta aktiboa edukitzeko. Herrien artean laguntza eskaini eta baliabideak partekatu behar ditugula uste dugu. Mundakako Udalari eskerrak eman gura dizkiogu bere eskuzabaltasunagatik», adierazi du Erruki Goiriena Sukarrietako alkateak.
Aitor Egurrola Mundakako alkateak esan du zerbitzua Sukarrietagaz partekatzeagatik«oso pozik» daudela. Ohitura fisiko osasungarriak egunero praktikan jartzen duen gizarteak bizi kalitatea hobetzen duela nabarmendu du.