Europako Batasunak %20 jaitsi du berdelaren kuota
Euskal arrantza flotarentzat interes handikoak diren beste zenbait espezie harrapatzeko kuotak, berriz, handiagoak izango dira datorren urtean: hegaluzearen kuota %10 handitu da; Frantziako kostaldeko legatzaren kuota, %27; Kantauriko zapoaren kuota %5 igo dute; Bizkaiko Golkoko oilarraren kuota %40 igo da; eta ur horietako txitxarroarena %18. Datuei erreparatuz, aurreko urteotan murrizten joan dira Kantauriko legatzaren kuota, eta aurten, bost urtean lehen aldiz, Europako Batasunak bere horretan utzi du kuota. Antxoaren harrapaketa kuota ere bere horretan uztea hobetsi du Bruselak. Euskal arrantzaleentzako interes berezikoak diren espeziei buruz egin den akordioari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak hainbat alderdi positibo nabarmendu ditu. Deskarteak egiteko debekua. Urte hasierarekin batera, bestalde, indarrean jarriko da arrantzatzen diren arrainak sailkatu eta lehorreratzeko obligazioa. Hau da, arrain bazterkinak itsasoan botatzea erabat debekatuta egongo da harrapaketa mugatuta dituzten espezietan (59ra igo da babestutako espezien kopurua), eta sareetan harrapatutako arrain guztia porturatu beharko dute. Porturatu egin beharko dituzte arrain txikieneak ere, baina ezingo dituzte saldu giza kontsumorako. Arrantzaleak behartuta egongo dira nahi ez arren arrantzatutako espezie guztiak sailkatu eta lehorreratzera. Behin lehorreratuta, portuan erregistratu egin beharko dituzte baztertutako arrainak. Arrantza Ministroen bileran proposatu da “Itoguneko espezieen kuota banku” moduko bat sortzea, arrantza ontziek kuota nahikoa duten espezieak arrantzatzen jarraitu ahal dezaten eta kuotarik ez duten espezie horietatik arrantzatzen dutena “kuota banku” horren kontra zenbatu dezaten.Kantauriko legatzaren kuota eta antxoaren harrapaketa kuota bere horretan uztea hobetsi du Bruselak